Enpresa ideiak garatzeko eta proiektuak abian jartzeko diru-laguntzak otsailaren 20a bitartean eskatu ahalko dira

Ainitze Agirrezabala 2018ko otsailaren 6a

Enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru laguntzak banatuko dituzte elkarlanean Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenek eta Lanbidek. Hainbat baldintza bete behar dituzte diru laguntza eskaera egin nahi duten ekintzaileek, eta eskariak otsailaren 20ra bitartean egin behar dira Azpeitiko udaletxean.

Iraurgi Berritzeneko teknikari Alazne Larrañaga, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Nagore Alkorta Azpeitiko Udaleko teknikaria, gaurko agerraldian. (Ainitze Agirrezabala) Azpeitiko Udalak, Iraurgi Berritzenek eta Lanbidek elkarlanean enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru laguntzak banatuko dituzte. Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakari Eneko Etxeberriak adierazi duenez, 2010ean Azpeitiko Udalak eskualdeko udalekin elkarlanean plan estrategikoa aurkeztu eta tramitatu zuen, eta egitasmo haren harira banatuko dituzte aurten ekintzaileentzako laguntza ekonomikoak. Etxeberriaren esanetan, Azpeitiko Udalak martxan jarritako laguntzak izan arren, "eskualdeko ekintzaile guztiei eskainitakoak" dira: "Gure plan estrategikoa eskualde izaerakoa da, eta, beraz, Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo eta Beizamako udalok elkarlanean egindako proiektua da, Iraurgi Berritzenen laguntzarekin". Aurkeztu berri duten egitasmoaren harira, Etxeberriak azpimarratu du interesa duten ekintzaileek "baldintza eta data zehatzak" bete behar dituztela: "Proiektuak aurkezteko eguna, baldintzak eta laguntza jasoko duten pertsona kopurua zehaztuta daude. Beraz, beren ideiak edo proiektuak aurkeztu nahi dituzten herritarrei ahal bezain azkarren udalarekin harremanetan jartzeko eskatu nahi diegu". Etxeberriarekin batera izan dira gaurko agerraldian Iraurgi Berritzeneko teknikari Alazne Larrañaga, Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Nagore Alkorta Azpeitiko Udaleko teknikaria. Enpresa ideia garatzeko edo negozioa martxan jartzeko bideratuko dituzte diru laguntzak, bi lan lerro nagusitan. Larrañagak jakinarazi ditu laguntza ekonomikoen zehaztapenak: 1.- Enpresa ideia garatzeko diru laguntza, ideia bat izan eta hori bideragarria al den jakin nahi dutenentzat bideratuko dute. Ekintzaile horiei beren inpresa ideia sortzen, aztertzen eta egituratzen lagunduko diete. Gehienez zazpi pertsonari emango diete laguntza: 30 urte baino gutxiago dituzten sei laguni (lau gizon eta bi emakume izango dira, baina irizpideen arabera genero banaketa hala jaso arren, aurkeztutako proiektuen arabera malguak izango dira) eta 30 urtetik gorako bati. Gutxienez 1.000 euroko laguntza eta gehienez 3.000 eurokoa jasoko du eskatzaile bakoitzak. 2.- Enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru laguntza, negozio ideia zehatz bat garatuta eta abian jartzea nahi dutenentzat zuzenduta dago. Laguntza hori 30 urte baino gutxiago dituzten lau pertsonak jasoko dute (bi emakume eta bi gizon). Gutxienez, 1.500 euroko diru laguntza eta gehienez 1.950 eurokoa emango zaio eskatzaile bakoitzari. Proiektuak otsailaren 20ra bitartean aurkeztu behar dira Azpeitiko Udalean, eta eskatzaileak NANaren fotokopia eta curriculuma ere eman beharko ditu. Hilaren 21etik 23ra bitartean proiektuak aztertuko dituzte, eta otsailaren 26an hasita, hiru hilabetez proiektua garatuko dute ekintzaile onuradunek. Enpresa ideia garatzeko zein enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru laguntzen eskaera egiten dutenek bete beharreko baldintzak honakoak dira:
  • Ezinbestekoa da langabetua izatea.
  • EAEn erroldatuta egotea.
  • Langile Autonomoen Araubide Berezian lehendik alta emangabe egotea.
  • Garatu nahi den ideia bat izatea.
  • Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak pertsona ekintzaileei laguntza emateko kudeatutako deialdietako laguntzen onuradun ez izatea aurreko ekitaldietan.
Diru laguntzak jaso eta horien inguruko informazio gehiago eskuratu nahi duenak Lanbidera (943-59 62 22; lanbide.donostia2@lanbide.net), Azpeitiko Udalera (943-15 72 00; nalkorta@azpeitia.net) edo Iraurgi Berritzenera (943-85 11 00; alarranaga@iraurgiberritzen.eus) jo dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide