Eskualdeko pilotari guztiek aurrera egin dute Emakume Master Cup txapelketan

Urola Kostako Hitza 2018ko otsailaren 5a

Igandean Gasteizen lehiatutako pilotari batzuk. (Emakume Master Cup) Laboral Kutxa Emakume Master Cup eskuz binakako pilota txapelketa hasi zen atzo, igandea, Gasteizen, eta eskualdeko zortzi pilotari lehiatu ziren lehen mailako eta promozio mailako kanporaketetan. Lehenengo mailan, zortzi bikote ari dira parte hartzen txapelketan, eta Eneriz Arrieta azkoitiarra da maila horretan lehiatzen ari den bailarako pilotari bakarra, Patri Espinar bikotearekin. Zortzi bikotetik seik egin dute txapelketan aurrera, eta horierako bat da Espinarrek eta Arrietak osatutakoa. Promozio mailan, berriz, 42 bikote ari dira parte hartzen txapelketan, eta eskualdeko zazpi pilotari ari dira lehiatzen maila horretan. Maddi Unanue azpeitiarrak eta Naroa Agirre zestoarrak osatu dute bikote bat, beste bikote bat Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrena da, eta Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrek osatutakoa beste bat. Horiez gain, Katalunian bizi den Josune Jimenez getariarra ere ari da parte hartzen txapelketan, Maria Isabel Garcia lagun duela. 42 bikotetik hogeik egin zuten aurrera igandean, eta horien artean dira eskualdeko pilotari guztiak. Hurrengo kanporaketa otsailaren 17-18ko asteburuan jokatuko dute, Larrabetzun (Bizkaia).  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide