Laboral Kutxa Emakume Master Cup eskuz binakako pilota txapelketa hasiko da igandean, Gasteizen, eta eskualdeko hainbat pilotari lehiatuko dira lehen mailako eta promozio mailako kanporaketetan. Lehenengo mailari dagokionez, zortzi bikotek hartuko dute parte, Eneriz Arrieta azkoitiarra bigarren txapela lortzeko lehiatuko da. Izan ere, txapelketako maila goreneko finala
irabazi zuen iaz Arrietak, Maite Iriarte azpeitiarra mendean hartu ondoren.
Aurtengo txapelketan, B taldearen barruan jokatuko ditu norgehiagokak azkoitiarrak, Patri Espinar lagun duela. Igandean, 18:00etan jokatuko du bikoteak lehenengo kanporaketa, Ogueta pilotalekuan, Joana Flavianoren eta Amaia Aldairen aurka. Antolatzaileen esanetan, hasiera batean, Iriarte azpeitiarra ere parte hartzekoa zen txapelketan, baina eskuetako arazoak dituela eta, azkenean ez ditu partidak jokatuko. Haren ordez, Nagore Bilbaok hartuko du parte.
Promozio mailan, berriz, 42 bikote izango dira, eta eskualdeko zazpi pilotari lehiatuko dira maila horretan. Maddi Unanue azpeitiarrak eta Naroa Agirre zestoarrak osatuko dute bikote bat, beste bikote bat Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo azpeitiarrena izango da, eta Nagore Aramendi eta Oihana Unanue azpeitiarrek osatutakoa beste bat. Horrez gain, Katalunian bizi den Josune Jimenez getariarrak ere hartuko du parte txapelketan, Maria Isabel Garcia lagun duela.
Maila horretan, kanporaketak kontzentrazio moduan jokatuko dituzte; hau da, hiruko sistemako multzoen bidez jokatuko dituzte norgehiagokak. Modu horretara, bikote bakoitzak bi partida jokatu beharko ditu gutxienez, eta multzo bakoitzeko bikote onenak sailkatuko dira hurrengo kanporaketetarako. Eskualdeko bi bikoteek 11:00etan jokatuko dituzte lehenengo kanporaketak, Ogueta pilotalekuan.