Zestoako herri krosa berrogeigarren aldiz jokatuko dute, martxoaren 18an

Urola Kostako Hitza 2018ko urtarrilaren 31

Gaztetxoen lasterketak egingo dituzte aurrena, 10:15ean hasita. Ondoren, 11:30ean, helduen txanda izango da, eta bi neurritako lasterketak izango dituzte aurkeran: 2.770 metrokoa edo 8.630 metrokoa. Dagoeneko izen-ematea zabalik dago: martxoaren 16a arte 'www.herrikrosa.eus' webgunean bost euroren truke eta egunean bertan hamar euro ordainduta.

Iazko Zestoako herri kroseko irteerako irudi bat. (Argazkia: Olaia Iraola) Martxoaren 18an, igandean, jokatuko dute Zestoako XL. Herri Krosa lasterketa, bertako atletismo taldeak eta udalak antolatuta. Aurtengoa, gainera, urteurren borobila da, eta omenaldiren bat egitea aurreikusten dute antolatzaileek, baina horren inguruko informazioa aurrerago emango dutela gaineratu dute. Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago, eta aurrez inskribatu nahi duenak Zestoako kiroldegian edo www.herrikrosa.eus webgunean du horretarako aukera, martxoaren 16a arte, bost euroren truke. Ohi bezala, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, baina orduan egiten dutenek hamar euro ordaindu beharko dituzte. Lasterketa baino ordu erdi lehenago itxiko dute izena emateko aukera, eta korrikalari guztiek igandean bertan jasoko dute lasterketan eraman behar duten dortsala, udaletxe azpian. Aurrez izena ematen dutenek lasterketa eguna baino lehenago egin beharko dute diru sarrera, eta izena emateko zerrendan ordainduta agertzen dela egiaztatu beharko dute. Bestela, lasterketa egunean, dortsala jasotzerakoan, diru ordainketaren frogagiria erakutsi beharko dute. Hala ez bada, hamar euro ordaindu beharko ditu. Krosean parte hartzen duten korrikalariek bi ibilbide izango dituzte aukeran. Biak herri barruan izango dira: bat bira bakarreko itzulia izango da, 2.770 metroko ibilbidearekin. Luzeena, berriz, 8.630 metrotakoa da, eta kasu horretan ibilbideari hiru bira eman beharko dizkiete. Parte hartzaileek izena ematerakoan zehaztu beharko dute egingo duten ibilbidea. 11:30ean hasiko da lasterketa, Laranjadi plazan. 2003an edo lehenego jaiotakoek hartu dezakete parte bira bakarreko proban. Beste ibilbidean, berriz, 2002an edo lehenego jaiotakoek eman dezakete izena. Umeen probak, lehenbizi Krosa hasi baino lehen, ordea, gaztetxoen txanda izango da. Adinaren arabera banatuta, hainbat lasterketa egingo dituzte herrian, 10:15etatik aurrera. Ordu horretan benjamin neskak eta mutilak aterako dira, eta 600 metro egingo dituzte horiek. Alebinek, berriz, 1.350 metroko ibilbidea izango dute, 10:30ean aterata. Azkenik, infantilek 10:45ean irtengo dute; neskek 1.800 metro egitera, eta mutilek, aldiz, 2.250 metro egingo dituzte. Horiek guztiek doan har dezakete parte lasterketan, eta emango izena proba egunean eman ahalko dute. Lasterketa guztiak herri barruko ibilbidean zehar egingo dira; asfaltoan, batez ere. Irteera eta helmuga puntuak udaletxearen inguruan egongo dira, eta dutxak, berriz, herriko eskolan. Lasterketa amaitzen denean, parte hartzaile bakoitzari oparia emango diote eta guztientzat hamaiketakoa izango da plazan. Benjamin, alebin eta infantil kategorietan lehenengo hiru postuetan geratzen direnei eta aurrena helmugaratzen den herritarrari ere sariak emango zaizkie, 12:30ean hasita. Herri krosean parte hartzen duten helduei dagokienez, berriz, lasterketa bakoitzeko lehen bost sailkatuek, emakumeek nahiz gizonezkoek, eta helmugaratzen den aurreneko zestoarrak sari bana jasoko dute. Bestetik, lasterketako sailkapenak www.herrikrosa.eus webgunean argitaratuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide