Altuna y Uriako eta Renovako langileak hondeamakinekin zimenduak zulatzen ari dira. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Zestoako kiroldegia berritzeko lanak aurrera doaz, eta "aurreikusitako erritmoan", gainera, Zestoako Udaleko Hirigintza zinegotzi Gorka Unanueren esanetan. Iazko abenduaren erdian, hesiz inguratu zuten kiroldegia zati bat botatzen hasteko, baina eraitsi ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren baimena "atzeratu" egin zen. Ondorioz, Errege ondoren arte, "barruko hondakinak ateratzeko-eta" baliatu dute denbora.
Kiroldegi zaharraren zati bat botatzen, berriz, hil honen erdian hasi ziren, eta, geroztik, Altuna y Uria eta Renova Norte enpresak elkarlanean ari dira hondeamakinekin lanean. Unanuek adierazi duenez, dagoeneko, kiroldegiko frontoira arteko zatia bota dute; 12x22 metro koadroko azaleradun hiru solairuak, alegia. Une honetan, langileak eraikinaren zimenduak hondeatzen ari dira, eta Hirigintza zinegotziak gaineratu du aste honetan bertan hasiko direla eraikinaren egitura sendotzeko burdinezko hagak sartzen. "Orain, eraikinaren oinarria ondo sendotzea komeni da, ondoren, euskarri horrek goiko solairuen pisuari behar bezala eutsi ahal izateko".
Hitzarmenaren arabera, kiroldegia berritzeko lanak bukatuta egon beharko dute abendua baino lehen. Azterketa geoteknikoa eginda, "oraingoz arazorik eta eragozpenik ez" dela izan adierazi du Unanuek, baina gaineratu du "kezka apur bat" badutela; izan ere, "Ertxiña mendiko euri urak kiroldegiaren azpitik igarotzen dira". Horrenbestez, une honetan «garrantzitsuena» lana «ondo eta behar bezala» egitea dela dio zinegotziak.
Erabilera anitzeko gelak
Kiroldegi berriak eskainiko dituen zerbitzuei dagokienez, kalearen mailan geratuko den solairuan bulegoa, komunak eta 72 metro koadroko frontoi txiki bat eraikiko dituzte. Lehen solairuan, berriz, aldagelak, sauna eta erabilera anitzeko 130 metro koadroko aretoa. Eta azken solairuan, 170 metro koadroko gimnasioa eta erabilera anitzeko 70 metro koadroko gela egingo dituzte. Kiroldegiko pilotalekuaren mailan, aldiz, aldagelak, masajeak emateko gela eta pilota taldearentzat bulegoa egitea aurreikusten dute.
Kiroldegia berritzeko lanek iraun bitartean, orain arte gimnasioan erabil zitezkeen makinak, behin-behinean, Portale kaleko 1. zenbakian dagoen Udal Liburutegiaren azpiko lokalean daude eskuragarri.
Kiroldegia berritzea ahalbidetuko duen akordioa iazko urriaren 30ean sinatu zuten Zestoako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. Lanek 1,6 milioi euroko aurrekontua dute, eta hitzarmena tarteko, aldundiak 600.000 euro emango dizkio udalari, kiroldegia birgaitzeko eta handitzeko. Aurrekontuaren gainerako zatia, milioi bat euro, udalak jarriko du.