Zestoa Herri Hezitzailea lantaldeak Haur Hezkuntzako eraikinaren atarian auzo lana egingo du otsailaren 17tik martxoaren 10era bitarteko larunbatetan, goizez nahiz arratsaldez. Haur Hezkuntza 2. eta 3. mailetako ikasleen eskolan,
txanpiñoi deitzen diotenean, egingo dituzte lanak. Izan ere, Zestoa Herri Hezitzailea lantaldeko kideen aburuz, eskolaren ataria "iluna" da eta "kolore eta alaitasun" pixka bat eman nahi diote guneari. Taldeko ordezkariek ohar bidez azaldu dutenez, Herri Eskolaren eta Zestoako Udalaren laguntza duten arren, lanak egiteko gurasoen eta herritarren laguntza "ezinbestekoa" izango dute. Horrenbestez, herritarrei auzolanean parte hartzeko deia egin diete, eta parte hartu nahi duten herritarrek
zestoaherrihezitzailea@gmail.com helbidera idatz dezakete.
Duela bi urte inguru sortu zuten Zestoa Herri Hezitzailea lantaldea Herri Eskolako eta Zestoako Udaleko ordezkariek, Ekain Guraso Elkarteak eta hainbat herritarrek. Orduz geroztik, hainbat lan egin dute; batetik, haurren "benetako parte hartzea eta erabakitzeko ahalema" sustatu dute, besteak beste, Amabirjin jaietako egitaraua umeekin osatuta eta udaleko irekietako programazioa haiekin antolatuta; bestetik, haurren eremua den eskolako portxe txikia auzolanean txukundu dute.