Manu Rodriguez: "Malenkoniatsuak dira hitzak, eta bakardadea islatzen dute kantek"

Ainitze Agirrezabala 2018ko urtarrilaren 26a

Rural Zombies taldeko Julia Urreaga (ahotsa), Luken Etxeberria (gitarra), Marcos Perez (baxua), Aratz Etxeberria (bateria ) eta Manu Rodriguez (Zestoa, 1990, gitarra) kideek ondu berri duten bigarren lana, 'From home to Hospital St.', gaur aurkeztuko dute.

Zestoako Rural Zombies taldeko kideak. (Argazkia: Rural Zombies) Zuen lehen lana, Bat, oso dantzagarria zen, ukitu elektronikoarekin eta sintetizadore askorekin. Bigarren diskoa, berriz, ilunagoa eta rockeragoa da. Zer dela eta aldaketa hori? Zuen lehen lana, Bat, oso dantzagarria zen, ukitu elektronikoarekin eta sintetizadore askorekin. Bigarren diskoa, berriz, ilunagoa eta rockeragoa da. Zer dela eta aldaketa hori? Bai, bide hori jarraitu dugu, baina zerbait naturala izan da. Guztiok gatoz rock mundutik, eta pixka bat sustrai horietara itzuli gara lan honetan. Lehen diskoko kantak alaiagoak ziren, baina denborarekin gure artean ere gehiago ezagutu gara, eta bigarren lan honetan abestiak tristeagoak dira. Konposatzeko modua ere nahikoa naturala dugu: ez ditugu gauzak itxita eramaten lokalera eta guztion artean joaten gara forma ematen. Eta lan berria, aurrekoarekin alderatuta, pixka bat ilunagoa egin dugu. Lehen diskoarekin jaialdi ugaritan jo zenuten. Izandako erantzunak harritu zintuzten? Bai, zeharo, gainera. Taldea sortu berria zen, eta ez genuen espero. Hasieran maketa grabatu eta urtebetera atera genuen diskoa. Get In promotorarekin hasi ginen lanean, eta nahikoa azkar joan zen dena. Ezustean harrapatu gintuen guztiok. Ez genuen espero halako harrera izango zuenik diskoak eta hainbeste bidaiatuko genuenik. Guretzat oso garrantzitsuak izan dira BBK Live jaialdia eta Jazzaldia. Jendearen erantzuna ikaragarria izan zen. Orain Madrilgo diskoetxe batean zaudete. Zer da zuen asmoa, haien bultzadarekin Europara salto egitea? Hasierako helburua da lehen diskoarekin egin genuen gisako ibilbidea egitea. Bat lanarekin, batez ere, Espainian mugitu ginen, nahiz eta bi alditan Frantzian jo eta beste behin Manchesterren [Erresuma Batua]. Hemen inguruan zabaltzea lortzen dugunean, berriz, gustatuko litzaiguke Europa aldera ateratzea. Gure diskoetxeari eta manager agentziari adierazi diegu hori. Bigarren diskoa ere etxean grabatu duzue, Eñaut Gaztañagaren estudioan. Zer dela eta? Eñauten lagunak gara eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Asko gustatzen zaigu haren lan egiteko modua. Bai artistikoki, bai teknikoki, asko gustatzen zitzaigun aukera bat da, eta, gainera, etxe alboan izatea estudioa izugarrizko abantaila da komunikazio aldetik. Oso erraza da hari helaraztea zer nahi dugun eta berak ere gauzak proposatzerako orduan askatasun osoa ematen du. Lana gustura eta eroso egin izana nabari da azken emaitzan. Emaitza diozu; gustura al zaudete ondu duzuen diskoarekin? Bai, oso gustura. Egia esan, prozesua pixka bat luzea eta konplikatua izan da. Juliak Bartzelonan ikasten du, eta konposizio lana asko luzatu da. Ez geunden gustura abestiekin, eta, beraz, estudioan grabatzen hasteko data aldatu egin behar izan genuen. Baina uste dut horrek guztiak merezi izan duela. Lanak ondo islatzen du nahi genuena, gure kantak ondo irudikatu ditugu eta oso gustura gaude. Izen berezi samarra jarri diozue diskoari: From home to Hospital St. Nolatan? Azken bi urteetan taldean izan dugun panorama islatzen du izenak, hara eta hona ibili baikara. Julia Bartzelonan ikasten, Marcos tarteka Madrilen, eta gainontzekook ere geure eginkizunetan, kontzertuetarako eta entseatzeko malabarismoak egin behar izan ditugu. Diskoa grabatzen ari ginen garaian, Julia Hospital Clinic alboan bizi izan zen, eta hortik dator lanaren izena. Diskoa kaleratu aurretik, hiru kanta aurrerapen eskaini dituzue. Zer erantzun izan dute? Lehen abestia Ethereal izan zen, eta bideokliparekin aurkeztu genuen, joan den azaroan. Gero, aurresalmenta martxan jartzean, Home kanta kaleratu genuen, eta hil honetan, Bi abestia. Geroztik, bira labur bat egin dugu kanta berriak jotzeko eta zuzenekoa pixka bat prestatzeko. Izan ere, abesti horiek martxotik grabatuta genituen eta gogoa genuen errepertorioa aldatzeko. Bilboko Bime musika jaialdian jo genuen aurrena, gero Donostiako Dabadaban, eta, ondoren, Valentzian, Madrilen, Bartzelonan eta Zaragozan. Donostian eta Madrilen sarrerak agortu ziren. Zuzenekoetan, batez ere, kanta berriak jo genituen, eta nahiz eta publikoak aurrez diskoa entzun gabe izan, erantzun eta harrera ona izan dituzte abestiok. Grises, Rural Zombies... Zer du Zestoak talde modernoen harrobia izateko? [Kar, kar, kar]. Egia esan, ez dakit nondik datorren fenomenoa. Uste dut aspaldi hasi zen gauza dela. Orain, justu, Leok-ek 50 urte betetzen ditu, eta ez dakit agian olatua handik datorren. Beti egon izan dira Zestoan taldeak, eta uste dut sortzen joan garen taldeok lehen zeudenetatik edaten eta haien olatua jarraitzen dugula. Azkenean, denok horren gertukoak izanda, erraza da belaunaldien eta taldeen arteko transmisioa. Zestoa bezalako herri batean Grisesek gaztelaniaz abesten du, zuek ingelesez... Bitxia da, ezta? Gu beste talde batzuetatik gatoz. Lehen, esaterako, Malderren jotzen genuen, euskaraz. Baina Juliaren musika erreferentziak beti izan dira ingelesak; pop ingelesak, bereziki, eragin handia izan du harengan. Gainera, ingelesa menperatzen du eta beti jo izan du hizkuntza hori erabiltzera. Horrez gain, hasieran, jendeak zer esango zuen kezka horren aurrean, babestuta sentitzen zen ingelesez konposatuta. Aukera estilistiko bat izan da; ez da izan inondik ere arrakastaren bila joateko edo jendearengana errazago heltzeko egindako hautua, nahiz eta batzuetan jendeak hori ere esan izan digun. Nola konposatzen dituzue kantuak? Hitzak Juliarenak dira? Taldeko gainontzekook justuko ingeles maila dugu, eta letra guztiak berak egin ditu, baina musika guztion artean osatzen dugu. Bigarren lan honetan hitzak malenkoniatsuak eta ilunak dira, eta bakardadea islatzen dute kantek. Taldearen izena Amancay Gaztañagak proposatu al zizuen? Bai. Gaztea irratiko maketa lehiaketara aurkezteko izen bat behar genuen, eta ideiak bota eta bota ari ginen, baina izenik gabe jarraitzen genuen. Azkenean, Grisesekoak eta denak hasi zitzaizkigun proposamenak egiten. Amancayk Rural Zombies bota zuen, eta hasieran txantxetan hartu genuen; baina, ze kristo, izen huraxe hartzea pentsatu genuen. Behin diskoa kaleratuta, kontzertu sorta izango duzue aurretik. Nola moldatzen zarete agenda adosteko? Konplexua da. Taldekide bakoitzaren lana eta ikasketak medio, hori da dugun zailtasun handiena, baina azkenean lortzen dugu agendak bateratzea. Julia Bartzelonatik etortzen denean aprobetxatzen dugu entsegu intentsiboak egiteko, eta kontzertuei dagokienez ere ezezko asko ez ditugu ematen. Orain ari gara emanaldiak lotzen, eta Huescan, Madrilen, Bilbon, Donostian eta Palencian izango gara. Zestoan, berriz, apirilaren 27an joko dugu, Gaztetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide