Talde berrietan ariko dira Agirre, Ibarguren eta Iparragirre

Mailo Oiarzabal 2018ko urtarrilaren 24a

Bi txirrindulariak Baquerekin lehiatuko dira denboraldi berrian. Euskadi Fundazioan mekaniko ariko da, berriz, Grupo Eulenen zuzendari izan dena.

Errepideko txirrindularitza denboraldia abiatzear da Euskal Herrian eta eskualdeko txirrindulariak ere prest daude urte berriari ekiteko. Batzuek iazko taldeetan jarraituko dute, baina badira orain artekoak utzi eta ibilbide berriari ekingo diotenak ere. Horien artean daude Oier Ibarguren (Azpeitia, 1997) eta Jon Agirre (Arroabea, Zestoa, 1997). 23 urtez azpikoen kategorian hirugarren denboraldia estreinatzear daude biak, eta Bizkaiko Baque-BH taldearen elastikoarekin egingo dute debuta, Zarauzko Jira-Bira Cycling taldeko Grupo Eulen utzita. Taldez aldatzeko "aukera bat baino gehiago" izan dutela adierazi du Ibargurenek, baina eskaintzarik "tentagarriena" Baquerena zela dio. Talde berrian "txirrindulari bezala hazteko" parada izango dutela iritzi dio azpeitiarrak. "Material aldetik, taldearen egiturari dagokionez eta egutegiari begiratuta ere" aurrerapausoa egin dutelakoan dago. Izan ere, Baquerekin, Euskal Herrian ez ezik, "Portugalen, Belgikan eta Espainian" lasterketa gehiago lehiatzeko moduan izango dira Ibarguren eta Agirre. Uda bitartean izango duten egutegiaren barruan dituzte Bidasoako Itzulia, Nafarroako Itzulia, Liege-Bastogne-Liege (Belgikan) edota Alentejoko Itzulia (Portugalen); azken horretan profesionalekin batera lehiatuko dira. Hala ere, "etxe ondoan" hasiko dute ibilia, otsailaren 24an, Zumaiako lasterketarekin. Iparragirre, lan berriarekin Unai Iparragirre (Azpeitia, 1988) da Jira-Bira Cycling utzi eta ibilbide berria abiatu duen bestea. Grupo Eulenen zuzendari lanetan ibili ondoren, Miguel Madariagak eta Mikel Landa txirrindulariak martxan jarri duten Euskadi Fundazioa talde profesional berriko mekanikoa izango da azpeitiarra datozen bi urteetan. Txirrindulari ere ibili zen Iparragirre Euskadi taldean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide