Bazterkeriari aurre, euskaraz

Ainitze Agirrezabala 2018ko urt. 24a, 09:59

Euskaraz ez dakiten gurasoen seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzeko Ikasjolas egitasmoa martxan jarri dute Zestoan. 8 eta 12 urte arteko 15 ikaslerekin dihardute lau boluntariok, astean bitan.

Ikasjolas egitasmoko irakasle boluntarioak eta ikasleak. (Argazkia: Ikasjolas) Jatekoa, arropa eta osasun arloko oinarrizko zerbitzuak baliabide eskasia duten herritarrei eskaintzea du helburu Caritasek, baina gizarte bazterkeriari aurre egiteko lanean, urrats bat gehiago egin du erakundeak. Hala, ikasleei eskolako lanak euskaraz egiten laguntzeko eskolak sortu ditu elkarteak hainbat herritan. Izan ere, Caritasen inguruan dabiltzan familien gehiengoaren ezaugarri nagusietako bat da gurasoek ez dakitela euskaraz, eta seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzerakoan, zailtasunak izaten dituzte. Gabezia horretaz jabetuta, Zestoan ere eman dute pausoa, eta urriaz geroztik, egitasmo berri bat jarri dute martxan: Ikasjolas. Beharra duten familiei laguntzeko asmoz aurkeztu zen Esti Zabala (Zestoa, 1985) proiektura. Danbolinek Zestoako Caritaseko arduradun Xanti Ugarteri egindako elkarrizketa irakurrita izan zuen egitasmoaren berri. "Ikasleei eskolako lanak euskaraz egiten laguntzeko ekimen berri bat abiatzeko boluntarioak behar zituztela zioen. Betidanik gustatu izan zait boluntariotza, Txolarten ere ibilia naiz, eta une honetan hiru urteko bi seme ditudan arren, denbora libre pixka bat badut, eta zerbait egiteko aukera polita zela iruditu zitzaidan. Hala animatu nintzen". Orduan, Caritasek laguntzen dituen familiei egitasmoaren berri eman zien, eta apurka-apurka, "ahoz ahokoari esker", hamabost ikasle izatera iritsi direla dio Zabalak: "Egia esan, oso gustura datoz. Galdetzen diegun lehen gauza da eskolako lanik baduten. Zeregin berezirik ez badute, berriz, geuk antolatuta dugun materialarekin aritzen gara: matematikako buruketak egiten ditugu, idazlanak edo irakurketa eta ulermen ariketak, ahozko adierazpena lantzeko jarduerak... Guztia, noski, euskaraz". 8 urtetik 12 urtera bitarteko gaztetxoak dira, eta Zabalaz gain, beste hiru boluntario aritzen dira eskolak ematen: Rakel Triguero, Vidya Iglesias eta Rita Zabala. Astean bitan, astelehenetan eta ostegunetan, izaten dituzte eskolak, 17:30etik 18:30era, elizaren ondoko lokalean, Kide Etxe egoitzan. Boluntario bila Eskola horien helburua, ikasleen artean euskara «lantzea eta sustatzea» dela adierazi du Zabalak. "Eskolan euskaraz dihardute, baina handik kanpora, familian beste hizkuntza bat erabiltzen dute, eta lagunartean daudenean ere, beraien artean gaztelaniaz egiteko joera dute.  Eskola hauetan ere gaztelaniara jotzen dute, baina berehala gogorarazten diegu hemen euskaraz hitz egin behar dugula". Bestalde, ekimena abiatzerako, Ikasjolas egitasmoaren arduradunak harremanetan jarri ziren Zestoako ikastetxearekin, proiektuaz eta egitasmoan zein ikaslek parte hartuko duten hitz egiteko. Ikasleen profilari dagokionez, Zabalak dio "pare bat izan ezik, gainontzekoak etorkinak" direla, baina beharra duten herriko edozein ikaslerentzat  "ateak zabalik" dituztela. Lehen hiruhilekoaren balorazioa berriki egin dute boluntarioek eta ikasleen gurasoek, eta jasotako erantzunak "oso positiboak" izan dira. "Elkar ezagutzeko eta eskoletan lantzen dugunaz hitz egiteko bildu ginen gurasoekin. Argi utzi diegu ez gaudela boluntario asko eta saioak ez direla ikasketa pertsonalizatuak. Taldean egiten ditugun ariketak dira, eta gauden boluntario kopuruarekin ezin gara iritsi ikasle bakoitzari beharko lukeen adina denbora eskaintzera. Beraz, gurasoei esan diegu ikasgai bat edo beste gainditzea, hori guk ez dugula ahalbidetzen". Baina zenbat eta boluntario talde "sendoagoa" izan, "are eta baliabide gehiago eskain" ditzake Zestoako Ikasjolas egitasmoak. Zentzu horretan, Zabalak herritarrak animatu ditu boluntario izatera, eta gaineratu du eginkizun horretarako "ikasketa berezirik ez" dela behar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide