Hasi dituzte Zestoako parrokia konpontzeko lanak. (Mailo Oiarzabal)
Zestoako parrokiako kanpandorreko lanak aurrera doaz. Une honetan, zutoinez eusten ari dira eraikina, harri gehiago eror ez daitezen. Koldo Intxausti Zestoako apaizak jakinarazi duenez,
tximistak kanpandorrea jo zuenean, bi zulo handi egin ziren eraikinean: "Bata elizaren atarian, eta, bestea, elizaren kapandorretik koru gainera iritsi ziren harriek egin zuten, elizaren gailurreko teilatuan". Hori dela eta, aldamio bat muntatu behar izan dute, eta orain estudioa egiten ari dira.
Elizaren kanpoan jarri duten aldamioaz gain, barruan ere jarri dute beste bat, koruaren gainean. Bobeda guztia eusteko zutoinak jarri dituzte, eta, orain, bigarren fasea hasiko dute: solte dauden harriak jaitsiko dituzte; izan ere, harri batzuk beheraino erori baziren ere, beste batzuk sabaian geditu ziren. Hirugarren fasean, berriz, bobeda berregingo dute. "Lan handiena horrek izango du, eta barruko kupula egindakoan, kanpandorreko kupula egin beharko da", azaldu du herriko apaizak.
Haren arabera, "luze" joango dira lanak; "hilabeteak" beharko dira eraikina osorik konpontzeko. Gastuak ere "handiak" izango direla dio: "Milioi erdi euro inguru kostatuko dira". Eliza egingo da gastu guztien arduradun.