Sormen egonaldia egiten ari diren gazteak, Eider Rodriguez idazlearen bisita izan zutenean. (Aner Peritz)
Ahots baten sormen egonaldia egiten ari dira 42 gazte, egunoetan, Zestoako Sastarrain baserri eskolan. Abenduaren 26an elkartu ziren gazteak Mintzola ahozko lantegiak antolatutako egonaldian, eta bihar arte bertan izango dira. 15 eta 21 urte bitarteko gazteak ari dira egonaldian parte hartzen.
Kultur diziplina desberdinak lantzen ari dira egunotan gazteak, hala nola literatura, antzerkia, kantua eta bertsolaritza. Diziplina horietako bat lantzen ari dira egunero, eta hainbat pertsona ezagunen bisitak jaso dituzte. Besteak beste, Sastarrainen izan dira Eider Rodriguez
Bihotz Handiegia liburuaren egilea, Eneko Sagardoy
Handia filmeko aktorea, Ines Osinaga Gose taldeko abeslaria eta Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak.
Mintzolak Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin eta ipuingintzan aritu eta aditu diren lagunekin lankidetzan antolatu du egonaldia.