Luisa Etxeberria idazle zestoarrak
Haztamuka –
Dol i sol da jatorrizko izenburua– poema liburua aurkeztuko du bihar, osteguna, Zestoako udal areto nagusian, 19:00etan hasita. Idazleak, bere lehen olerki liburuan, urtaroz urtaro doan ibilbidea proposatzen du, negutik udaberrira doana, ilunetik argira. Bizitzak eskaintzen dituen eguraldi txarrak eta klima aldaketa bortitzak ditu hizpide Etxeberriak bere poemetan.
Biharko aurkezpenean, arteak, musikak eta idazteak bat egingo dute. Bertan, egileak liburuaren ibilbidea azalduko du eta aukeratutako hainbat poema errezitatuko ditu. Etxeberriaren poemei ilustrazioen mugimenduak, txistuaren musika lasaiak eta kantuaren berotasunak lagunduko diete zuzenean. Etxeberriaz gain, bertan izango dira
Jon Elordi katalanezko poema bildumaren itzultzailea, Maragda Cuscuela artista plastikoa, Garikoitz Mendizabal txistularia, Nerea eta Arrate musikariak (gitarra eta ahotsa) eta Gorka Errezil (perkusioa).
Luisa Etxeberria Zestoan jaio zen, baina, egun, Bartzelonan bizi da. Psikologian eta Filologian lizentziatua da, eta irakasle izan da hizkuntza eta literaturaren arloan, bai eta psikologia nahiz psikoterapia arloetan ere. 2011. urteaz geroztik, Bartzelonako Ateneoko Idazketa Eskolak antolatutako ikastaro eta lantegietan jardun du.
Haztamuka (Denonartean) olerki liburuarekin bakarkako lanari hasiera eman dio idazleak, baina, aurrez, 2013an,
Nusos Nus talde lanean parte hartutakoa da.