Hotz eginagatik, giro ederrean ari dira ospatzen Zoroperi eguna Zestoan

Ainitze Agirrezabala 2017ko abenduaren 26a

Herriko plazan dozenatik gora postu jarri dituzte inguruko ekoizleek, eta artisauek beste horrenbeste Laranjadi plazan. Barazki, fruta, ezti, gazta eta sagardo lehiaketak ere egin dituzte. Arratsaldean ere izango da zer goza herrian. Besteak beste, bertso poteoa egingo dute tabernaz taberna, umeentzat txotxongiloak izango dira eta erromeria ere ez da faltako.

Zestoako plaza jendez beteta, Zoroperi egunean. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala) Zoroperi eguna ari dira ospatzen gaur Zestoan, eta goiz-goizetik festa girorik ez da falta herrian. Herriko plazan dozenatik gora postu jarri dituzte inguruko ekoizleek, eta artisauek beste horrenbeste Laranjadi plazan. Gainera, Segurako talogileek egindako taloak probatzeko aukera ere izan da goizean goiz hasita. Horrez gain, Urolako XX. Ezti Lehiaketaren harira, erlea, erlezaintza eta erlauntza produktuen erakusketa didaktikoa eta eztiak dastatzeko aukera izan dira. Hotz eginagatik, kaleak eta plazak jendez betetzen joan dira eguerdia gerturatu ahala, eta barazki, fruta, ezti, gazta eta sagardo lehiaketak egin dituzte. Trikiti doinuek hartu dituzte herriko kaleak, eta haibat belaunalditako soinu-jotzaileek eta pandero-jotzaileek jendaurreko agerraldia egin dute plazan. Photocall saioa ere izan dute, eta baserritarrez jantzita gerturatu diren  hainbat herritarrek argazkiak atera dituzte. Aurtengo barazki lehiaketa Karmen Etxeberriak irabazi du; bigarren sailkatu da Ezozi Etxeberria, eta hirugarren Jose Lonbide. Fruta lehiaketari dagokionez, berriz, Jose Antonio Elosegi izan da nagusi, eta bigarren geratu da Errezilgo Azoka. Errezil sagar onenaren saria Gabiriako Jose Antonio Elosegirentzat izan da, eta ondoen aurkeztitako postuaren saria, berriz, Ezozi Etxeberriak eskuratu du. XIX. Gazta Lehiaketa Sarrondo baserriak irabazi du, eta bigarren eta hirugarren postuetan geratu dira Arbe eta San Bizente baserriak, hurrenez hurren. Sagardo Lehiaketan, aldiz, Ibarrolak lortu du garaipena, eta bigarren eta hirugarren geratu dira Azketa eta Azketa Errota baserriak. Horiez gain, aurten XX. aldiz antolatu du Ezti Lehiaketa Gipuzkoako Erlezain Elkarteak, eta Zoroperi eguneko lehiara hamaika eztigile aurkeztu dira. Bitor Larrañaga izan da nagusi, eta bigarren eta hirugarren sailkatu dira Manuel Odriozola eta Patxi Zubimendi. Ekintza feminista, plazan Horrez gain, Zestoako Txoko Feministak emakumeen aurkako indarkeria salatzeko ekimena egin du Zoroperi egunean. 13:00etan, plazan elkartu dira ehun lagun inguru, eta more koloreko globoak eskuetan eta txilibituak ahoan, plazatik liburutegirako ibilbidea egin dute. Han, etxe bateko lehiotik, pankarta bat zabaldu dute. Festak ez du etenik izango egun osoan. Alabaina, urteroko egitarauan bada aldaketarik, izan ere, kiroldegia obratan egonik, ez dute arratsaldeko pilota jaialdirik egingo; horren ordez, bertso poteoa antolatu dute, eta umeentzako txotxongiloak Kultur Etxean. Haien ostean, 20:00etan hasita, Obaneuke taldearen erromeria izango da. Hona hemen, arratsaldeko egitaraua: 17:30. Txotxongiloak 3 urtetik gorako umeentzat, Kultur Etxean. 18:00. Tabernaz taberna, bertso poteoa. 20:00. Obaneuke erromeria, udaletxeko arkupetan, afal ordura arte. 22:00. Obaneukeren erromeria, udaletxeko arkupetan. Hona hemen, goiz eta eguerdi parteko argazki bilduma: [flickr_set id="72157661970881127"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide