[caption id="attachment_329907" align="aligncenter" width="300"]

Atzoko ekitaldiko irudi bat. (Zestoako Udala)[/caption]
Uztailetik abendura bitartean Zestoara bizitzera joan direnei ongi-etorria egin zien atzo udalak. Alkateak harrera egin zien bizilagun berriei, eta "herri gisa" halako ekimenak egiteak duen garrantzia azpimarratu zuen. Zestoako gizarteratze teknikariak, bere aldetik, herrian dituzten baliabideak eta zerbitzuak zein diren azaldu zien. Udalak maiatzean jarri zuen martxan herritar berriei zuzendutako harrera proiektua, eta horren barruan egin dute harrera saioa. Udalaren helburua da prozesua "integrala" izatea: "Zenbat eta norbanako gehiagok parte hartu, askoz hobe". Hori hala, herriko elkarte batzuek ere hartu zuten hitza, eta bakoitzak bere antolaketa eta funtzionamendua azaldu zuen. Modakutxo batekin amaitu zuten saioa. Uztailetik 53 lagun joan dira Zestoara bizitzera, eta horietatik zortzi izan ziren atzoko ekitaldian, saharar, pakistandar, marokoar, nepaldar eta espainiar jatorrikoak nahiz Euskal Herrikoak.
Zestoa "gero eta herri anitzagoa" izanik, harrera prozesua abiatu zuen udaberrian udalak, herrira bizitzera joan direnek herritarren eta erankundeen aldetik "harrera egokia" jaso dezaten. "Bizileku ezezagun batera bizitzera joateak norbanako bakoitzari eragin ziezazkiokeen beldurrei eta mugei aurre egiteko tresna bat da harrera prozesua, hasierako egokitzapena erraztuko dien baliabidea", esan du udalak. Horretarako, udaleko langileek eta polikoek hainbat bilera egin dute azken hilabeteetan elkarteekin eta eragileekin. Horrez gain, Zestoako zerbitzuei buruzko gida sortu dute, bizilagun berriek herrira iristean hari buruzko informazio orokorra eskura izan dezaten.