Portale kultur elkartean batzarra egin zuten dozenaka lagunek ostiralean. (Portale)
Joan zen ostiralean urteko bazkideen batzarra egin zuten Zestoako Portale kultur elkartean. 40 lagun inguru elkartu ziren elkartean bertan, eta 2017ko kultur eskaintzaren balantzea egiteaz gain, elkartearen funtzionamenduaren inguruko gogoeta egin zuten. Gainera, aurrera begirako proposamenak ere izan zituzten hizpide.
Batzarrean parte hartu zuten lagunek urte osoan zehar antolatutako egitasmo guztiek izan duten "parte hartzea" eta "aniztasuna" azpimarratu zituzten. Era berean, "begi onez" ikusi zuten herriko gainerako eragileek kultur elkartearen azpiegitura erabiltzeko duten aukera. Urteko balantze egonomikoa negatiboa izanagatik, azpiegituraren ustiapen ekonomikoa martxan jartzeak balantze hori "positibo" bilaka dezakeela ondorioztatu zuten.
Gaur egun 80 bazkide pasatxo ditu Portalek, eta elkarteko kideek bazkide kopuru horrek gora egitea aurreikusten dutela azaldu zuten. Horretarako, ordea, azpiegituraren ustiapena martxan jartzea lehentasuntasuntzat jo zuten. Gainera, kulturgunearen eraberritze proposamena ere aurkeztu zuten, eta bideragarritasun plan bat ere bai. Horiek biak onartu egin zituzten batzarrean, eta kulturgunearen etorkizuneko funtzionamenduaz aritu ziren solasean.