Hamahiru lagun bildu dira Zestoako irakurle taldearen lehen saioan

Zestoako Hitza 2017ko abenduaren 15a

Patata tortilla eta pasta batzuk lagun aletu dute Ana Malagonen 'Gelditu zaitezte gurekin' ipuin liburua. Blog bat sortu dute, irakurle taldearen inguruko informazioa kaleratzeko.

(Argazkia: Ramon Etxaide) Zestoako irakurleek ez zuten hutsik egin, eta hamahiru lagun bildu ziren irakurle taldearen lehen saioan, atzo iluntzean, Portale kultur elkartean. Patata tortilla eta pasta batzuk lagun aletu zuten Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin ipuin liburua. "Batzuentzat hotz eta garratz, beste batzuentzat umoretsu; bizitza bezain errealista edo esajeratu samarra; batzuetan itolarria eragiten duena edo beste batzuetan samurtasuna ere badariona… Gizartearen beraren ispilu baita liburua; alegia, azaleko pertsona askotariko eta aurpegigabeko anonimoek osaturiko gizartearen isla bat. Denetariko iritzi eta aburuak partekatu genituen, baita liburuko esaldi eta paragrafo distiratsuak gogora ekarri ere", azaldu dute antolatzaileek sortu berri duten blogean argitaratu duten kronikan. Aurrerantzean, blog horretan jarriko du irakurle taldeak saioen inguruko informazioa, eta irakurleek beren ekarpenak egiteko aukera ere izango dute. Hain justu, Malagonen liburuaren inguruko iritzia plazaratu du bertan irakurleetako batek. Horrez gain, Twitter kontua ere zabaldu du irakurle taldeak: @Zestoako_IT.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide