Arantxa Aldalurrek ere jarriko du postua Gabonetako artisautza azokan. (Argazkia: Urola Kostako Hitza)
Zazpi artisauk eskuz egindako «lan esklusiboak» salgai izango dituzte etzi Alima dantza gunean egingo duten Gabonetako artisautza azokan.
Zestoako artisaugileek beraien artean "elkartzeko aitzakian" antolatu zuten aurrenekoz azoka duela zazpi urte, baina "proiektu txiki bat bezala" sortu zuten hura, sendotzen joan da urteen poderioz. Azoka antolatzeaz arduratzen den Amancay Gaztañagaren esanetan, egitasmoaren xedea da Gabon atarian, "kontsumoaren ideia" aldatzea: "Hala, Zestoan bertan opari desberdinak erosteko aukera izango da, betiko oparia betiko dendan ez erosteko".
Guztira, zazpi artisau postu izango dira azokan, hala nola Bihotz Uzkudunen makrame lanak, Arantxa Aldalurren likoreak, Amal marokoarraren gozoak eta Gaztañagaren poltsak.
Irabazien zati bat, Indiara
Egun osoan egongo da zabalik azoka, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Azokan ateratako irabazien zati bat, gainera, Nava Jeevan Kalkutako (India) umezurztegiko haurrei laguntzera bideratuko dute.