Irudi berria eta kanpaina aurkeztu ditu Zestoan merkatari elkarteak

Ainitze Agirrezabala 2017ko abenduaren 13a

‘Zestoa zuretzat’ leloa oinarri duen logo berrituaren xedea da "herriko merkataritza sustatzea" .Gabon atarian, deskontu bonuak ere jarriko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez

Zestoa zuretzat lelopean, irudi berritua aurkeztu du Zestoan Merkatari Elkarteak. (Ainitze Agirrezabala) Herriko merkataritza "laguntzea eta sustatzea" xede, logo berritua eta epe luzerako egitasmoa aurkeztu ditu Zestoan merkatari elkarteak. Zestoa zuretzat leloa oinarri duen irudi berritua diseinatu duen Bitamina enpresako Arkaitz Barriolak adierazi du hiru elementu biltzen dituela logoak: erosketa poltsa bat, haren barnean Zestoa eta zuretzat hitzen z hizkia eta irribarre bat. Barriolaren esanetan, gaur egun merkataritza gune handietan eta Internetez erosketak egiteko "ohitura handia du jendeak", baina gaineratu du "produktu bera edo hobea" aurkitu daitekeela herriko saltokietan. Gainera, Barriolak dio herriko dendariek "gertuko tratua eta aholkularitza" eskaintzen dituztela. Aurrera begira, Zestoan merkatari elkartearen helburua da Zestoa zuretzat marka berria herritarren artean ezagutzera ematea, eta horretarako herriko dendetan pegatinak eta saltoki bakoitzaren atearen kanpoaldean alfonbratxoak jarriko dituzte. Horiez gain, Barriolak aurreratu du "Trivial jokoaren gisako lehiaketa bat martxan jartzeko asmoa" dutela: "Zestoari buruzko galderak erantzun beharko dituzte herritarrek. Ondoren, Zestoako edozein saltokitan entregatu ahalko dute txartela, eta parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko da". Herrian bertan kontsumitzearen aldeko egitasmoarekin lotuta, Eros ezazu herrian lelopean, bideo bat argitaratuko dute hilaren 22an, Zestoako, Azkoitiko eta Azpeitiko merkatariek. Deskontu bonuak Gabon atarian, tokiko merkataritza babesteko asmoz, kanpaina bat jarri berri du martxan Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltokietan. Hala, Siadeco enpresako Juanjo Allurren esanetan, "egitasmo berri horren abantailez Zestoako 18 saltokitan ere gozatu ahal izango dute herritarrek". Allurrek aurreratu duenez, "dirutan 30 euroko gastua egiten dutenek 20 euro ordaindu beharko dute merkataritza bonu horiek baliatuta". Parte hartzeko baldintzei dagokienez, Allurrek kontatu du Euskal Autonomia Erkidegoan bizi eta adinez nagusia den pertsona bakoitzak bi merkataritza bonu erabil ditzazkeela saltoki bakoitzean. "Beraz, merkataritza bonua erabili ahal izateko, gutxienez 30 euroko erosketa egin beharko da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide