'Zestoa zuretzat' kanpaina aurkeztu du Zestoan Merkatari Elkarteak, irudi berrituarekin

Ainitze Agirrezabala 2017ko abenduaren 11

Herriko merkataritza "laguntzea eta sustatzea" helburu, logo berritua eta epe luzera begirako egitasmoa aurkeztu ditu gaur, Zestoan Merkatari Elkarteak. Bestalde, gabon atarian, tokiko merkataritza babesteko asmoz, kanpaina bat jarriko du abian bihar Eusko Jaurlaritzak, eta Zestoako saltokietan ere erabil ahalko dira deskontu bonu horiek.

'Zestoa zuretzat' lelopean, irudi berritua aurketzu du gaur Zestoan Merkatari Elkarteak. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala) Herriko merkataritza "laguntzea eta sustatzea" helburu, logo berritua eta epe luzera begirako egitasmoa aurkeztu ditu gaur, Zestoan Merkatari Elkarteak. Zestoa zuretzat leloa oinarri duen irudi berritua diseinatu duen Bitamina enpresako Arkaitz Barriolak adierazi du hiru elementu biltzen dituela logoak: erosketa poltsa bat, haren barnean Zestoa eta Zuretzat hitzen Z hizkia eta irribarre bat. Barriolaren esanetan, gaur egun merkataritza gune handietan eta Internetez erosketak egiteko ohitura "handia" dago, baina gaineratu du "produktu bera edo hobea" aurkitu daitekeela herriko establezimenduetan. Gainera, Bitaminako kideak dio herriko dendariek "gertuko tratua eta aholkularitza" eskaintzen dituztela. Aurrera begira, Zestoan Merkatari Elkartearen helburua da Zestoa zuretzat marka berria ezagutzera ematea, eta horretarako herriko dendetan pegatinak eta saltoki bakoitzaren atearen kanpoaldean alfonbratxoak jarriko dituzte. Horiez gain, Barriolak aurreratu du "Trivial jokuaren gisako lehiaketa bat" martxan jartzeko asmoa dutela: "Zestoari buruzko galderak erantzun beharko dituzte herritarrek. Ondoren, Zestoako edozein saltokitan entregatu ahalko dute txartela, eta parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko dira". Era berean, "herrian bertan kontsumitzearen aldeko kanpainarekin lotuta", Erosi ezazu herrian lelopean, ikus-entzunezkoa argitaratuko dute hilaren 22an, Zestoan, Azkoitian eta Azpeitian. Deskontu bonuak  Gabon atarian, tokiko merkataritza babesteko asmoz, kanpaina bat jarriko du abian bihar Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako satokietan. Hala, Siadeco enpresako Juanjo Allurren esanetan, "dirutan 20 euroko balioa baina 30 euroko balio nominala duten merkataritza bonuak jarriko dituzte erosleen eskura, Zestoako saltokietan ere". Allurren adierazi duenez, Euskadin bizi eta adinez nagusia den pertsona bakoitzak bi merkataritza bonu erabil ditzazke saltoki bakoitzean. "Beraz, merkataritza bonua erabili ahal i zateko, gutxienez 30 euroko erosketa egin beharko da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide