Zestoako parrokian tximistak eragindako kalteak aztertzen ari dira

Nerea Uranga 2017ko abenduaren 4a

Zestoako Andre Mariaren Jaiokundea parrokiako kanpandorrea tximista batek jo zuen ostiralean, 21:28an. Eztanda handi bat entzun zen Zestoan, eta kanpandorreko hainbat harri handi herriko plazara erori zen. Ez horra bakarrik, ordea: harri handi batzuk teilatura ere erori ziren, teilatua puskatu eta eliza barruko hainbat gunetan kalte handiak eraginez. Koruan, organoan eta barruko argindar instalazioan izan dira kalteak. Horrez gain, sakristia "guztia" ere kaltetuta dago. Bertan zegoen argindarraren kaxa erre egin da. Larunbat goizean parrokian izandako kalteak aztertzen jardun zuten suhiltzaileek eta udaletxeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta eliz barrutiko teknikoek. Harri batzuk erortzeko arriskuan egon daitezkeela ikusi zuten eta teilatuko zuloak estaltzeko lanak hasi zituzten. Segurtasun neurri gisa, Zestoako plaza itxi egin zuten larunbatean. Gaur goizean ere erakunde desberdinetako teknikoak izan ziren parrokiako kalteak aztertzen. "Behin egoera aztertuta, konpontzeko proiektua egin  beharko dute. Kolokan dauden harriak kendu eta plazan pilatuko dituzte, bertan sailkatuz", azaldu du Koldo Intxausti Zestoako erretoreak. Eraberritzeko lanek luze joko dutela uste du Intxaustik: "Kupula berreraiki beharko da, horretarako garabia ipini eta aldamioa muntatu beharko da. Gutxienez, sei bat hilabete beharko dira lan horiek egiteko". Parrokia eraberritzearen lanen kostua teknikoek proiektua egiten dutenean jakingo dela azaldu du Intxaustik: "Aseguruko peritua etorri da eta horrek aztertu beharko ditu kalteak eta kostuak". Herritarrak "hunkituta" Tximistak kanpandorrean eta parrokian eragin dituen kalteekin hainbat herritar "hunkituta" ikusi duela azaldu du Intxaustik: "Elizkoiak direnak eta ez direnak ikusi ditut hunkituta. Gure etxea da parrokia eta mina ematen du hondatuta ikusteak. Abesbatzan, garbiketan... bertan parte hartzen duenak bere etxea bezala dauka parrokia. Maitasun asko jartzen du jende askok eta min hartu dute". Kanpandorrea "herriko ezaugarrietako bat" da Intxaustiren ustez, "beste eraikin batzuk bezalaxe, herriari nortasuna ematen dio. Hori puskatuta ikusita, malkoak ikusi ditut eliztarrak direnen eta ez direnen artean". Elizkizunetarako tokiak Parrokia eraberritu bitartean, elizkizunak egiteko toki bila aritu da Intxausti. Igandean, esaterako, Jubilatuen Asteko meza Zestoako Bainuetxean egin zuten. Dagoeneko erabaki dituzte non egingo dituzten asteburu eta jaiegunetako mezak eta hileta elizkizunak. "Asteburuetan eta jaiegunetan mezak San Juan Egoitzako Milagrosako kaperan egingo ditugu. Astegunetako mezak egiteko, ordea, herrigunean lokal baten bila nabil. Meza horietara adineko jendea joaten da batik bat eta herrian bertan egitea komeniko litzateke", azaldu du erretoreak. Eguberrietako elizkizunak "ziurrenik" San Juan Egoitzako kaperan egin beharko dituztela esan du Zestoako erretoreak: "Bi meza egin beharko badira bi egingo ditugu Eguberrietan. Parrokia eraberritu bitartean, ahal den moduan moldatu beharra izango dugu". Hileta elizkizunak, aldiz, Arroa Goiko parrokian edo Aizarnan egingo dituzte. "Gertutasunagatik, hildakoaren senideei Arroa Goian egitea gomendatuko diet nik, baina familiak erabaki beharko du", adierazi du Intxaustik. Arroa Goiko eliza hiletetarako "egokia" dela uste du apaizak, "Zestoan hiletetara jende asko bertaratzen da, eta Arroa Goikoan 300-400 pertsona sartzeko aukera dago". Iraetakoa, nahiz eta herrigunetik gertu egon, "hiletetarako oso txikia" dela esan du, "40 bat lagun sartzen dira Iraetako elizan". Organoa, eraberritu berria Organoan kalte handiak izan dira, batik bat ezkerraldean. Zestoako parrokiako organoa aurten zaharberritu dute Aritz eta Jose Antonio Azpiazu anaiek, martxoan hasi eta udarako bukatu zituzten konponketak. Musika tresnaren pieza denak desmuntatu zituzten, konpondu, eta gero berriro muntatzeko. 1928an Rafael Puignauk eraikitako organoa da Zestoako parrokiakoa, egile horrek egindakoen artean kontserbatzen den bakarra. Organoa zaharberritu zutela ospatzeko irailaren 3an kontzertu berezia eskaini zuten Jose Luis Frantzesena eta Arantxa Sagartzazu organo-jotzaileek. Eraberritu ondoren, organoa "perfekto" zegoela dio Intxaustik. "Oraindik ez dakigu zenbaterainoko kalteak dituen, koruraino ezin izan dugu iritsi eta. Baina instrumentu delikatuak dira, egurrezkoak, eta kalte handi samarrak izango dituela pentsatzen dut". Gertutik aztertzeko aukera dutenean jakingo dute "benetako kalteak" zenbatekoak diren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide