Zestoako Andra Mariaren Jaiokundea parrokiako kanpandorrea tximista batek jo zuen atzo, abenduak 1, 21:30 inguruan. Eztanda handi bat entzun zen Zestoan, eta kanpandorreko hainbat harri handi herriko plazara erori ziren. Ez horra bakarrik, ordea. Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak azaldu duenez, "harri handi batzuk teilatura ere erori ziren, teilatua puskatu eta eliza barruko hainbat gunetan kalte handiak eraginez". Barrura eroritako harriek korua eta organoa harrapatu dituzte, hala azaldu du Mendizabalek: "Organoan kalte handiak sortu ditu, batik bat ezkerreko aldean".
Zestoako parrokiako organoa aurten bertan zaharberritu dute Aritz eta Jose Antonio Azpiazu anaiek, pasa den udarako bukatu zituzten konponketa lanak. Musika tresnaren pieza guztiak desmuntatu zituzten, konpondu, eta gero berriro muntatzeko. 1928an Rafael Puignauk eraikitako organoa da Zestoako parrokiakoa, egile horrek egindakoen artean kontserbatzen den bakarra. Organoa zaharberritu zutela ospatzeko joan den irailaren 3an kontzertu berezia eskaini zuten Jose Luis Frantzesena eta Arantxa Sagartzazu organo-jotzaileek.
Parrokiako sakristian ere kalte handiak gertatu dira. "Bertan dago argindarraren kaxa eta kaltetua gertatu da", gaineratu du Zestoako alkateak. Horren eraginez, eliza argindarrik gabe dago, eta bertako megafonia eta proiektorea hondatu egin dira.
Gaur, abenduak 2, goizean parrokian izandako kalteak aztertzen jardun dira suhiltzaileak eta udaletxeko eta eliz barrutiko teknikoak. "Harri batzuk nahiko arriskutsu egon daitezkeela ikusi dute, gaur teilatuko zuloak estaltzeko lanak hasiko dira. Astelehenetik aurrera, berriz, solte dauden harriak kentzeko lanean hasiko dira", azaldu du Mendizabalek. Hori dela eta, segurtasun neurri gisa Zestoako plaza itxi egin dute.