Azaroko udalbatzarra atzo egin zuten Zestoan. (Mailo Oiarzabal)
Jarraipen batzorde irekia eratuko du Zestoako Udalak, Urolako bidegorria osatzeko falta den Iraeta eta Narrondo arteko zatiaren eraikuntzari bultzada emateko. Hori adostu zuten atzo, azaroko udalbatzarrean, EH Bilduk aurkeztutako mozioan eskatutakoa aho batez onartuta. Mozioan jasotakoaren ildotik, udalak orain arte bidegorriaren eskaera sustatzeko ez duela "behar adina indar" egin esan zuen Mikel Arregi EH Bilduren bozeramaileak, eta Arroabeko bizilagunak izan direla bidegorriaren aldarria beren gain hartu dutenak. Arroabekoen "herri ekimena" goraipatu zuen Arregik, udalaren inplikazioa eskatzearekin batera. "Zentzurik ez daukana da, udalak egiten ez dituen gestioak ere herritar batzuk egiten jardun behar izatea", adierazi zuen. Hain zuzen ere, Arroabeko bizilagun talde bat udalbatzarrean izan zen, bidegorriaren gaia landuko zutela jakinda.
Mozioan, 2018an egiten hasiko diren
Urrestillako bidegorriarekin eta Iraeta-Narrondokoarekin gertatutakoa alderatu zuen EH Bilduk, era berean Azpeitiko Udalak egindako lana Zestoako Udalak egindakoarekin alderatuta: "Jakina da, udaletatik aldundia bezalako erakunde erraldoi bateko arduradunei etengabeko lata ematen ez bazaie, hauek nekez egingo digutela jaramonik; eta Azpeitiko udal arduradunak behin eta berriz aldundira bueltaka zebiltzala jakinda, bagenuen gertatu behar zuenaren kezkarik, hau da, lurralde antolaketa ikuspegitik, Urrestillakoak Urolakoak baino garrantzia eta lehentasun baxuagoa izanagatik berau lehenago bukatzearena". Horrenbestez, bi proposamen jaso zituen EH Bilduk mozioan: batetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako 2018ko aurrekontuei zuzenketa jarriko die koalizioak, Urolako bidegorria amaitzeko bi milioi euroko diru lerroa eskatuz; eta, bestetik, Zestoako Udalean bidegorriaren jarraipenerako mahai edo batzorde ireki bat martxan jartzea, "herri eragileek parte hartzeko aukera izango dutena".
Bigarren proposamen horri baiezkoa eman zion Udal Gobernuak. Urtea bukatu aurretik "lehen bilera deitzeko konpromisoa mahai gainean" jarri zuen Josetxo Mendizabal alkateak, "mahaiaren funtzionamendua eta parte hartzaileak zehazten eta ibilbidea markatzen joateko".