Festa eta aldarria uztartuko dituzte hirugarrenez Arroabean Txikitasunean Handi egitasmoarekin

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 29a

Ostiralean eta larunbatean hainbat hitzordu izango dituzte. Eskola berria eraikitzeko lanak bermatuta, bidegorriaren aldeko kontzentrazioa izango da aurten aldarrikapen nagusia.

Iazko Txikitasunean Handiren barruan ospatu zuten afaria. Hirugarren urtez antolatu dute Arroabean Txikitasunean Handi egitasmoa, auzotarren aldarrikapenak eta festa giroa uztartzen dituen bi eguneko egitaraua osatuta. Etzirako eta larunbaterako prestatu dituzte aurtengo hitzorduak. Aurreko edizioetan bezala, auzoko hainbat eragilek egin dute bat antolaketan, Txikitasunean Handi taldean batuta. Eskola berria eta Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatia egitea dira azken urteetan Arroabean aldarrikatu dituzten bi proiektu nagusiak. Bi eskaera horiek oinarri hartuta sortu zuten, besteak beste, Txikitasunean Handi egitasmoa. Aurten, eskola berria eraikitzeko proiektua dagoeneko martxan dela egingo dute hirugarren edizioa; ostirale arratsaldean, gaztaina janaren aurretik, azalduko dute eskola berriaren prozesuaren informazio eguneratua. Bidegorriaren eskerak, ordea, ez du eman oraindik antzeko fruiturik; ostiralean bertan, 18:00etan, bidegorriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute. Umeentzako jolasak, krosa edota ipuin kontaketa, Endoiara mendi irteera, mus txapelketa eta afaria dira Txikitasunean Handiren barruan antolatu dituzte ekitaldietako batzuk. Larunbat arratsaldean izango da mus txapelketa eta 15:45 arte eman ahalko da izena, Txomin tabernan. Larunbat gaueko afarirako ere aurrez eman behar da izena, Txominen, Lurdesenean edo Keixan. Hona hemen, osorik, aurtengo Txikitasunean Handiren egitaraua: Abenduak 1, ostirala 17:00-19:00. - Barbantxo umeentzat. - Gaztaina irekitzea. Ondoren, eskola berriaren prozesuaren gaineko azken informazioa eta gaztain erre jana. 18:00. Bidegorriaren aldeko elkarretaratzea. Abenduak 2, larunbata - 09:30. Endoiara mendi irteera. - 16:00. III. Txikitasunean Handi Mus Txapelketa. - 16:00. Umeen krosa. Jarraian, gozo-eltze apurketa. - 17:30. Ipuin kontaketa. - 19:00. Triki poteoa. - Iluntzean, afaria Ederki elkartean. Amaitzeko, jaiak jarrai dezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide