Ehundik gora lagun elkartu dira Zestoan indarkeria matxistaren kontra

Zestoako Hitza 2017ko azaroaren 25a

  Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute ehundik gora lagunek Zestoako plazan. Txoko Feministak deitu du elkarretarazea Indarkeria matxistarik ez! Erasoak milaka aurpegi ditu lelopean. Honako testu hau kaleratu du Zestoako Txoko feministak gaur: "Tamalez, berriz ere plaza honetan elkartu behar izan dugu, emakumeon aurkako indarkeriaren kontra egiteko. Azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguna. Badirudi XXI. mende honetan denari dagokiola egun bat, eta baliatzen dugu egun hori momentuko eslogana gure egin eta geure buruak eta erakundeak zuritzeko. Eta dagoeneko ez digute balio balkoietako, leihoetako eta ateetako borobil moreek. Ez horrek bakarrik, behintzat. Eguneroko biolentzia da indarkeria matxista, gizartearen erdiak jasaten duena; eta bada garaia honen aurrean jendarteak bezala erakundeek apustu sendoak egin ditzaten.
Emakume izateagatik kolpatzen gaituzte. Emakume izateagatik bortxatzen gaituzte. Emakume izateagatik iraintzen eta umiliatzen gaituzte. Emakume izateagatik epaitzen gaituzte. Emakume izateagatik hiltzen gaituzte. Ezin zerrenda ditzakegu indarkeriaren milaka aurpegiak. Halaxe baititu indarkeriak, milaka aurpegi. Zenbait kolpe gure masail, begi, beso eta bizkarretan ikus daitezkeenak, baina beste asko ikusi ez baina barruraino sartzen zaizkigunak. Eta ez nahastu, hau ez da urruneko herrietan, Espainiako zoko galduetan gertatzen den zerbait, ez; gure herrietan eta etxeetan bizi diren egoerak zerrendatu ditugu.
Beraz, bai, gaur, azaroak 25, kalera atera gara emakumeon aurkako indarkeria salatzera, baina ez gaitezen 2018ko azarora arte berriz ahaztu. Guztion ardura da biolentzia matxistarekin amaitzea, indarkeriaren konplize egiten gaituen isiltasuna apurtzea, behar duenari babesa eta indarra ematea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide