Adonis Gelis pilotaria. (Argazkia: Adonis Gelis)
Euskal Herriko elite mailako lau eta erdiko esku pilota txapelketan finalera iritsi da Adonis Gelis (Zestoa, 1996). Guztira zortzi pilotari lehiatu dira txapelketan, eta finalera sailkatu ahal izateko jokatu dituen bi partidak irabazi ditu. Gelisen esanetan, "maila honetako txapelketak pribatuak dira, eta antolakuntzakoek zuzenean deitzen digute txapelketan jokatzeko aukeratuak izan garela esanaz". Orain arte, txapelketak eman duenaz galdetuta, "gustura" dago zestoarra: "Lehen partida, final laurdenetakoa, nahikoa larri irabazi nuen, Galdakao taldeko Karregal 22-20 mendean hartuta". Final erdietako norgehiagoka, berriz, atzo jokatu zuen, eta Doneztebeko Erreka taldeko Barandiaran 22-9 garaitu zuen.
Txapelketako partida guztiak Bizkaiko Areta herrian jokatu dituzte, eta finala ere han bertan izango dute, datorren ostiralean, abenduaren 1ean. Aretakoa "pilotaleku ona" dela dio Gelisek, baina "hainbat berezitasun" dituela gaineratu du: "Ezker pareta, esaterako, pixka bat txarra dauka". Berrobiko Zubiria izango du arerio finalean Gelisek: "Duela bi urtetatik Amezketako Zazpi Iturri klubeko kidea naiz, eta Zubiria ere talde berekoa da". Finala "oso gogorra" izango dela aurreratu du Gelisek: "Zubiria artista handia da. Azken urte betean maila asko hobetu du pilotari bezala, eta oso puntu onean dago. Duela bost hilabete, lau eta erdian lehiatu ginen elkarrekin, eta 22-21 irabazi nion".