Irakurle taldea sortu dute Zestoan

Zestoako Hitza 2017ko azaroaren 17a

Atzo egin zuten taldea sustatzeko lehen solasaldia Portale kultur elkartean. 13 lagunek eman dute dagoeneko izena taldean, eta lehen hitzordua abenduaren 14rako jarri dute. Oraindik eman daiteke izena taldean.

Atzoko solasaldiko irudia. (Portale kultur elkartea) Atzo, osteguna, solasaldia eskaini zuen Amaia Apalauza itzultzaile eta zuzentzaileak Zestoako Portale kultur elkartean, Bederatzi arrazoi Zestoako irakurle taldera etortzeko: irakurtzearen alde izenburupean. Atzoko solasaldiaren helburua zen irakurle taldea sortzea herrian, eta lortu dute; izan ere, 13 lagunek eman dute dagoeneko izena taldean. Taldeak jarri du dagoeneko lehen hitzordua: abenduaren 14an elkartuko dira Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin liburuaz hitz egiteko. 19:00etan elkartuko da taldea, Kultur Etxean, eta Amaia Apalauzak gidatuko du saioa. Aurrerantzean, beraz, hilero egingo dute literatur solasaldia, eta Apalauzak aurreratu duenez, berak liburu zerrenda prestatuta duen arren, taldekideek ere egin ditzakete proposamenak. Taldea osatu badute ere, oraindik eman daiteke izena portalekulturelkartea@gmail.com edo kultura@zestoa.eus helbidera mezua idatzita.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide