Zestoako EH Bilduren GUTUNA: 'Bidegorria bidegabekerian'

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 17a

Herriak lotu bidegorria amaitu da herri ekimenak erabili izan duen leloa, eta Urola erdiko bidegorria amaitzeak bertako biztanleen ongizatean izango lukeen eragina ondo baino hobeto laburbiltzen du. Bi aste pasatu dira bidegorriaren aldeko bigarren egitasmo jendetsua egin zenetik, eta bidegorriarekin enegarren bidegabekeria gertatu da.

Denok genekien Azpeitiko Udalaren lehentasuna Urolako bidegorria amaitzean baino Urrestillakoa egitean zetzala, eta gure ustez ere, ulertzekoa da herri bateko udalak bere eremuan kokatzen den proiektu bati bere eremutik kanpo kokatzen denari baino garrantzia handiagoa ematea; are gehiago Zumarragatik datorren bidegorria Azpeitiko lur eremuan amaitua dagoenean.

Ulertzen ez duguna da Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013an onartu zuen Lurralde Plan Sektorialean Urola bailara lotzea Gipuzkoako bidegorrien sarea osatzeko lehentasunen artean jarri eta gero, orain diputazioak herri baten barruko loturari garrantzia handiagoa eman izana bailara osoa lotzeari baino.

Bidegorriaren gaiarekin denok ikusi dugu Zestoako Udal Gobernuaren azken bi urtetako ekimena hutsaren hurrengoa izan dela. Duela urtebete Batzar Nagusietan Urolako bidegorria zela-eta egindako agerraldiaren aurrean, han bildu ziren guztien harridurarako, "piper" egiterainoko arduragabea izan da Zestoako alkatea. Jakina da udaletxeek aldundia bezalako erakunde erraldoi bateko arduradunei etengabeko lata ematen ez badiete, horiek nekez egingo digutela jaramonik. Azpeitiko udal arduradunak behin eta berriz aldundira bueltaka zebiltzala jakinda, bagenuen gertatu behar zuenaren kezkarik, hau da, lurralde antolaketa ikuspegitik Urrestillakoak Urolakoak baino garrantzia eta lehentasun baxuagoa izanagatik, hura lehenago bukatzearen kezka.

Arestian esana baieztatzeko, bada oso deigarria egiten zaigun beste kontu bat. Legez idatzita ez badago ere, normalean, Ahaldun Nagusiaren alderdi bereko herrietako alkateek zenbait proiektu gauzatzerako orduan, aldundiaren aldetik "begirune" berezia izan ohi dute. Kasu honetan ez dakigu non egon den EAJ.

EAJ alderdiak, legeak aitortutako lehentasuna izanda, Zestoako bidegorri zatiari bultzada emateko aukera paregabea zeukan. Bada zoritxarrez, EAJ beste nonbaitera edo inora begira egon da aurten ere, eta hori gutxi ez balitz, 2018ko Gipuzkoako aurrekontuetan ere zero euro gure bidegorriarentzat.

Gauzak horrela, EH Bilduk bi proposamen mahaigaineratuko ditu: batetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako 2018rako aurrekontuei zuzenketa jarriko diegu Urolako bidegorria amaitzeko bi milioiko diru lerroa eskatuta; eta, bestetik, Zestoako Udalean bidegorriaren jarraipenerako mahai edo batzorde ireki bat martxan jartzea planteatuko dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide