Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Portale kultur elkartean izango da aurkezpena, 19:00etan. Amaia Apalauzak egingo du aurkezpena; izan ere, bera izango da irakurle taldearen dinamizatzailea. Hilean behin elkartuko dira.
Portale kultur elkarteak Zestoako irakurle taldea aurkeztuko du datorren ostegunean, hilak 16, 19:00etan. Amaia Apalauzak egingo du aurkezpena Bederatzi arrazoi Zestoako irakurle taldera etortzeko: irakurtzearen alde izenburupean, eta herritarrei irakurle taldean parte hartzeko gonbidapena egingo die hark.
Irakurle talde hainbat daude Euskal Herriko txoko desberdinetan; Urola Kostan ere bai. Hilean behin elkartzen dira parte-hartzaileak aurrez irakurritako liburu jakin bati buruz hitz egiteko, eta solasaldia dinamizatzen aritzen da idazleren bat edo literatur zaleren bat. Portaleko kideek azaldu dutenez, esperientzia "oso aberasgarria" izaten da: "Jendea oso pozik ibiltzen da; izan ere, norberak atsegin handiz irakurri duen liburu horrek eragindako plazera besteekin partekatzeko aukera izaten da".
Zestoako irakurleen klubaren dinamizatzailea Amaia Apalauza izango da. Euskal Filologian doktorea da iruindarra; Nafarroako mendebaldeko hizkerei buruzko tesia egin zuen. Ikerketak alde batera utzita ditu gaur egun, eta itzultzaile-zuzentzaile lanetan aritzen da. EIZIE itzultzaileen elkarteko lehendakariordea ere bada.