Etxe Argiak egitasmoa martxan da Urola Erdian, energia kontsumoa aztertzeko eta murrizteko

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 8a

Etxebizitzetan egiten den energia kontsumoaren gakoak hobeto ezagutzea du helburu, baita zaurgarritasun energetikoaren errealitatea ezagutzea eta hori saihesteko neurriak hartzea ere. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 21a arte dute izena emateko epea.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak, eskualdeko udalekin elkarlanean, Etxe Argiak egitasmoa plazaratu du. Egitasmoa eskualdeko biztanleei dago zuzenduta eta etxebizitzetan egiten den energia kontsumoaren gakoak hobeto ezagutzea du helburu, baita zaurgarritasun energetikoaren errealitatea ezagutzea eta hori saihesteko neurriak hartzea ere.
"Urola Erdiak urteak daramatza energia burujabetasunaren alde lan egiten. Horretarako plan zehatz bat egin zen, eskualdeko eragile eta herritar ezberdinen parte hartzearekin. Planak hainbat erronka jasotzen ditu; horien artean daude eraginkortasuna eta aurrezkian oinarritutako kultura energetiko berria bultzatzea, eta ahultasun energetikoa murriztea", azaldu dute egitasmoaren arduradunek. Orain abian jarri duten egitasmoak "ildo horietan aurrerapausoak ematen eta eskualdeko eredu energetiko berriranzko bidea jarraitzen lagunduko" duela diote. Etxe Argiak izenarekin, egitasmoak berak batzen dituen bi kontzeptu uztartu nahi izan dituzte: batetik, energia kontsumo arduratsua eta adimentsua egiten duten etxeak; eta, bestetik, egoera larrian egon daitezkeen etxe argiztatuak. Hiru pauso Egitasmoan parte hartu nahi duten etxejabeei, lehenik eta behin, "bisita energetiko bat" egingo diete; pertsona bat euren etxera joango da eta, haiekin batera, zer nolako energia kontsumoa duten aztertuko du. Informazio horretan oinarrituta, energia plan pertsonalizatu bat egingo zaie; kontsumoa murrizteko eta eraginkorragoa egiteko "proposamen sorta bat" egingo zaie. "Lau hilabete emango dira ekintza horiek martxan jartzeko eta, denbora horretan zehar, hainbat aholku eta jardunbide on azalduko zaizkie". Azkenik, lau hilabeteren ondoren, etxebizitza bakoitzaren emaitzak aztertuko dira, eta etxe bakoitzak bere emaitzak azaltzen dituen txostena jasoko du. Parte hartzeko izena eman behar da Egitasmo honetan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute; azaroaren 21ean amaituko da epea. Iraurgi Berritzenen 43-02-60-69 telefonora deituta, etxeargiak@gmail.com posta elektronikora idatzita, ala norberaren udaletxera hurbilduta eman daiteke izena. Egitasmorako kontsumo datuen bilketa on-line plataforma batean oinarrituko denez, ezinbestekoa da posta elektronikoa eta Interneterako konexioa izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide