Nerabeek beraiek erabaki dute Gazteleku berriko hormak nola margotu, eta horretan ari dira asteotan. (Zestoako Udala)
Berrikuntza garrantzitsuarekin abiatu du ikasturtea Zestoako Gaztelekuak. Joan den hiletik, egoitza berrian elkartzen dira Gaztelekuaren erabiltzaileak; Euskal Herria plazako 1. zenbakian dute txoko berria, herriko anbulatorioaren lehengo lokaletan, hain zuzen.
Toki aldaketarekin aspalditik zetorren asmoa gauzatu dutela dio Leire Otaegik; bera da Gaztelekuko begirale bakarra. 2010ean ireki zuten Gaztelekua Zestoan, Kultur Etxeko gela batean. "Gaztelekua kokatzeko espazio aukerak oso urriak ziren, eta han hastea erabaki zen. Hasi eta urtebetera, ikusten zen oso leku txikia zela". Hasierako urte haietan ez zuten lekuz aldatzeko aukerarik ikusten, "eta programazioa egokitzen genuen geneukan espazio horretara; txandak antolatu behar baziren tailer bat egiteko, ba txandak jartzen ziren".
Ia sorreratik antzemandako beharrari erantzuna ematea nahi baino gehiago luzatu da, beraz. Anbulatorioa tokiz aldatu behar zutela jakitean hasi ziren Gaztelekuaren arduradunak osasun etxeak hutsik utziko zuen egoitza bereganatzeko eskaerarekin; baina ez ziren lokal horien atzetik zebiltzan bakarrak. Azkenean, ordea, lortu zuten helburua. Orain dela urtebete jakinarazi zien udalak Gaztelekua anbulatorioa izandako gunean kokatuko zutela; baina urtebete itxoin behar izan dute egoitza tokiz aldatzeko, "aldameneko portalean igogailu bat jartzeko egin duten obrak iraun bitartean".
Nerabeak, "motibatuta"
Joan den ikasturtea bukatu eta berehala lekualdatu ziren. "Udalekuetako begiraleen lantaldea biltzeko Gaztelekua erabiltzen dugu, eta behar genuen lekua", azaldu du Otaegik.
Kultur Etxean zeuzkaten gauzak hartu eta egoitza berrira eraman zituzten, "ez genuen ezer gehiago ukitu". Horrela, ikasturte berriaren hasierarekin batera ekin diote Gazteleku berria txukuntzeari eta egokitzeari, "espazioa geure egiteari", zerbitzua erabiltzen duten nerabeen parte hartzearekin. "Eredu batzuk jarri genizkien aukeran, uste dut zortzi zirela, paretak margotzeko. Bat aukeratu zuten, bozketa bidez, eta hori oinarri hartuta hasi gara
lokala pintatzen. Oraindik ez dugu bukatu, baina gehiena menderatuta dago".
Lau gune nagusi ditu Gazteleku berriak. Handiena, "gazteen topalekua" izango dena, mahaiekin eta hainbat jolasekin hornitu dute; ping-pong mahaia eta futbolina jarri dituzte gela txikiago banatan; eta, azkenik, sukaldea jartzeko erabiliko dute beste gela bat, aurreko egoitzan ez zuten baliabide bat gehituz.
Gune berriak aukera eta baliabide gehiago eskainiko dizkiela espero du Otaegik, baina, momentuz, ordutegiak eta funtzionamendua mantendu egingo dituzte. "Ostegunetan LHko 5. eta 6. mailetakoak etortzen dira, 16:30etik 19:00etara; eta ostiraletan eta larunbatetan DBHkoak, 16:00etatik 19:30era". Ikasturte honetan, ostegunetan 40 bat erabiltzaile elkartzen dira, eta 25 inguru asteburuetan. Txoko berria beren erara atontzea dute aurtengo lehen egitasmoa, eta "motibatuta" ikusten ditu begiraleak.