Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Haien artean izan dira Eusko Jaurlaritzako nahiz aldundiko ordezkariak. 2030era bitartean zer lortu beharko litzatekeen, eta, horretarako, erakundeek nahiz gizarteak zer egin beharko luketen aurkeztu dute.
Euskal Herriko Unesco Sareak hitzordu garrantzitsua izan du gaur Zestoan; izan ere, 2030era arteko agenda eta helburuak aurkeztu ditu Bainuetxean. Guztira, 80 lagun inguru bertaratu dira; haien artean izan dira Eusko Jaurlaritzako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Unesco katedrak, eskoletako ordezkariak... Besteak beste, han izan dira Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Leire Barriuso Euskal Kosta Geoparkeko zuzendaria, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatua...
Unesco hezkuntza, zientzia eta kulturarako Nazio Batuen Erakundea da, eta Euskal Herrian erakunde horrek duen ordezkaritza da Euskal Herriko Unesco Sarea (EHUS). Unescoren helburu berberak ditu; hau da, hezkuntzan, natura eta giza zientzietan, kulturan, informazioan eta komunikazioan hobekuntzak lortu nahi ditu. Balio horiekin bat egiten duten hemeretzi erakunde publikoz eta pribatuz osatutako sarea da EHUS. Haien artean da, besteak beste, Ekainberri, Unescok gizateriaren ondare izendatu zuelako.Gaurko ekitaldian aurkeztu dute 2030era bitartean zer lortu beharko litzatekeen: hala nola, gosea desagertzea, hezkuntza unibertsala... Eta, horretarako, gizarteak, erakundeek nahiz udalek zer egin beharko luketen ere landu dute. Horrez gain, 12:30ean Ekainberrira bisita egin dute 60 bat lagunek, eta, horren ostean, Bainuetxean bazkaltzen 40 bat lagun geldituko dira. Bazkariarekin amaitutzat emango dute gaurko batzarra.
Erakusketa Bainuetxean
EHUSaren batzarrarekin bat eginda, gaur zabaldu dute erakundearen helburuak jasotzen dituen erakusketa, Bainuetxean bertan. Azaroaren 26ra bitartean egongo da ikusgai.
Hona hemen gaur hartutako irudiak:
[flickr_set id="72157688926196954"]