Herri txiki, ondare handi

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 3a

Hamaika auzoz osatutako herria da Zestoa. Hango bainuetxeak eta herriko ondare aberatsak erakarrita, milaka bisitari joaten da urtero Urola Kostako udalerrira, eta azken urteotan kopurua igotzen ari da, gainera. Herriko, eta, oro har, eskualdeko eskaintza merkaturatzeko premia azpimarratu du Zestoako alkateak. 'Gipuzkoako Hitza'-k Zestoari buruzko erreportajea egin du 'Herriz herri' atalean

Gipuzkoako iparraldean, Urola Kosta eskualdean dagoen udalerria da Zestoa. 3.740 biztanle zituen iaz, baina demografia txikia izanik ere, azalera handiko herria da —43,69 kilometro koadro ditu—. Biztanle gehienak herrigunean bizi badira ere, sakabanatuta dauden inguruko auzo ugarik osatzen dute udalerria: Aizarna, Akua, Arroagoia, Arroabea, Iraeta, Lasao… Hain zuzen, hori da herriaren berezitasunik nabarmenena Josetxo Mendizabal alkatearen iritziz (Zestoa, 1955): "Herri txikiak bezalakoak dira auzoak, eta hori kontuan hartzekoa da Zestoa bere osotasunean kudeatzeko orduan". Horretarako auzo bakoitzarekin "ahalik eta harremanik zuzenena" eduki beharra dagoela azpimarratu du alkateak. "Eta konplexua da bakoitzaren eskaerak eta beharrak aurrekontuen arabera lehenestea". Kulturari eta historiari lotutako ondare gune zabala du Zestoak. Besteak beste, bainuetxeari esker da ezaguna herria; 1804an ireki zuten, Gipuzkoan martxan jarraitzen duen bainuetxe bakarra da egun. Horrez gain, urtero ehunka bisitari erakartzen dituzte Ekainberri erreplika zentro-museoak eta Lili jauregiak. "Merkataritzarekin batera, turismoa da herriko jarduera ekonomiko nagusia, eta iaztik ahalegin handia egiten ari gara gure izaera eta ondarea merkatura zabaltzen eta euskarri propioak sortzen". Alde horretatik, aurten Eusko Jaurlaritzaren Itourbask Turismo Bulegoen Euskal Sarean sartu da Zestoako Turismo Bulegoa, eta horrek bisitarien kopurua igotzen lagundu duela gaineratu du alkateak. Mendizabalek jakinarazi duenez, iaz 30.000 bisitari izan zituzten herrian, eta aurten kopuruak %10 gora egingo duela espero dute. Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide