Martxan da Arroabeko eskola berria egiteko lanen lehenbiziko fasea

Mailo Oiarzabal 2017ko urriaren 27a

Udalak azpiegiturak prestatu ondoren, eraikinaren obrak urtea amaitu aurretik hastea espero dute. 2018ko abendurako eskola eta hiritartze lanak bukatuta egotea aurreikusten dute.

Eskolaren azpiegiturak egokitzeko lanak hasita daude. (Kepa Iribar) Urte askotako borrokaren ondoren, Arroabeko Eskolak eraikin berria izango du 2018. urte bukaerarako. Hala dago aurreikusita, behintzat, dagoeneko martxan den prozeduran. Hil honen erdialdean hasi zituen Zestoako Udalak eskola berria egiteko proiektuaren lehen faseko lanak. Eraikin berrirako azpiegiturak egokitzea dagokio udalari lehen fase horretan –argindarrarenak eta urarenak, besteak bes­te–, eta lan horiek hilabeteko epean bukatzea aurreikusten dute. Ondoren hasiko dira eskola bera eraikitzeko lanak. Horiek Eusko Jaurlaritzak egin behar ditu, eta aurreikusitako epeak betetzen badira, urtea amaitzerako martxan egongo dira. "Lanen lizitazio prozesua itxita dago jada, baina oraindik behin betiko adjudikazioa argitaratu gabe dago. Eusko Jaurlaritzak esan zigun abendu hasiera inguruan jakingo genuela lanak nori eman dizkioten, aurrekontuetan dirutxo bat gordeta dutelako aurtengo ekitaldirako, urte honen barruan lanekin hasteko. Printzipioz, adjudikazioa, kontratuak eta dena itxiko dituzte abenduan", azaldu dute Sakulupe guraso elkartekoek. 2018ko abenduan bukatuta egon beharko luke obra guztiak, Zestoako Udalak eraikinaren ingurua hiritartzeko egin beharko dituen lanak barne. Horrenbestez, 2018-2019 ikasturtea egungo egoitzetan hasiko dute Arroabean; auzoko lau gunetan banatuta daude ikasleak, egoitza bateratuaren zain. Prozesua "oso luze" Urteak dira Arroabean eskola berria eraikitzea eskatzen hasi zirela. 2014tik aurrera gorpuzten joan zen aldarrikapena. 2015ean, jaurlaritzak Arroabekoen beharrak aintzat hartu eta plangintza bat aurkeztu zien. Han jasotakoaren arabera, 2017 amaierarako bukatuta egon behar zen eskola, baina urtebete atzeratuko da, gutxienez, hasierako asmoa. "Oso luze joan da prozesua, oso-oso luze", aitortzen dute guraso elkartean. "Borroka handia" izan dela diote, eta emaitza iristear dagoen honetan, "eskerrak eman" nahi dizkiete "eskolaren izenean, gurasoen, ikasleen eta irakasleen partetik, auzoan honetan guztian lanean aritu direnei. Haiengatik izan ez balitz, iruditzen zaigu oraindik ez zirela makinak hor egongo". Jendearen konpromisoa eta auzolana goraipatu dituzte Sakulupekoek eskolaren eraikin berria lortzeko prozesuan, eta "bide bera jarraitzera" animatu nahi dituzte auzotarrak Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatiaren aldarrikapenarekin ere. Horregatik, bihar Lasaotik Zumaiara egingo den martxan parte hartzeko deia egin dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide