Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan den astean onartu zituzten 2018rako ordenantza fiskalak, ezohiko udalbatzarrean, EAJren aldeko eta EH Bilduren kontrako bozekin. Gainerako tasa eta zergak berdin mantenduko dira.
Zestoako Udalak onartu ditu datorren urterako ordenantza fiskalak. Gaur zortzi, urriaren 19an, egin zuten horretarako ezohiko udalbatzarra, udalari dagozkion tasa, zerga eta prezio publiko berriak "epeen barruan, 2018ko urtarrilaren 1ean indarrean" jarri ahal izateko, Josetxo Mendizabal alkatearen hitzetan.
Udal Gobernuan dagoen EAJren aldeko bozekin onartu zituzten ordenantzak; oposizioan dagoen EH Bilduk, aldiz, kontrako botoa eman zuen.
Zaborren zerga, %5 gora
Zestoako bizilagunek 2018an ordaindu beharko dituzten udal tasa eta zerga gehienak bere horretan mantentzea erabaki dute, hau da, 2017ko kopuru berdinak kobratuko ditu udalak datorren urtean ere zerbitzu gehienetan.
Arau orokor horren barruan badira, ordea, bi salbuespen: zaborrak eta ura. Horrela, zaborraren faktura aurtengoa baino %5 garestiago izango da zestoarrentzat datorren urtean. Zerbitzuaren kostuaren eta herritarrek zerbitzuagatik ordaintzen dutenaren arteko "diferentzia murrizten joatea" da zerga igoeraren arrazoia, Mendizabalek azaldu duenez: "Nahiz eta, antza denez, GHK-k [Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa] ez dituen hondakinen tratatze kostuak aldatuko, estaldura maila igotzen joatea da helburua. Legeak agintzen du, ahal den neurrian, herritarrei emandako zerbitzuen kostuek eduki behar dutela hainbesteko ordainketa".
Alkateak nabarmendu du gaur egun zabor bilketara bideratzen duten gastuaren %64 estaltzen dutela herritarrek ordaintzen dutenarekin, eta diru sarreren eta gastuen arteko aldea "pixkanaka" murriztea nahi dutela.
Zaborrarena baino igoera apalagoarekin, baina gora egingo du, era berean, uraren fakturak. Kontsumoagatik ordaintzen dena %1,5 igoko da; eta uraren kanona, azpiegiturak finantzatzeko erabiltzen dena, %1. Bi kontzeptuok batera sartzen dituzte uraren fakturan. "Ur Kontsortzioak onartutako igoera berbera" ezarriko dutela esan du Mendizabalek.
Kudeaketa "txarra"
EH Bilduk udal zerga eta tasa guztiak izoztea proposatu zuen, "hazkundea gora, hazkundea behera, hemen oraindik herritarren eros ahalmenak ez duelako gora egin. Orduan, herritarrek ez daukate zertan, inongo motiborik gabe, zerga igoera bat jasan", dio Mikel Arregi EH Bilduren bozeramaileak.
Bereziki kritiko agertu da oposizioa zaborraren zergaren igoerarekin. Aurreko agintaldian "lau urtean inongo igoerarik ez" izan ondoren, zaborraren zerga agintaldi honetako lehen hiru urteetan guztira %20 igo dela nabarmendu du Arregik. Bere garaian onartutako hondakinen sistema aldaketaren gaineko ezjakintasuna ere aipatu du. "Bada jada urtebete pasa beraiek sistema aldatzea erabaki zutela eta oraindik ez dakigu zer egin behar duten; ea aldatu behar duten, ez al duten aldatu behar... Ez digute ezer garbirik esaten".
Egungo Udal Gobernuaren "kudeaketa ekonomikoa oso txarra" dela iritzi dio oposizioak. "Obra handi batzuen aurrean gaude; besteak beste, kiroldegikoak. Ez dakigu obra horiek utziko dituzten zuloak betetze aldera-edo igo dituzten edo zergatik igo dituzten, hain zuzen ere, tasa zehatz horiek", adierazi du Arregik. Administrazioak "gastu batzuk finantzatzen" jakin behar duela uste du, "herritarren bizkar utzi ordez". Horregatik, estalduraren argumentua erabiltzeak "ez du zentzurik" EH Bilduren eledunarentzat, eta "zerbitzu guztiak ezin dira ehuneko ehunean herritarren kontura amortizatu".
"Kudeaketa txarra oso garestia izaten da, baina kudeaketa txarraren errudunak ez dira herritarrak eta herritarrei ezin zaie kargatu zerga igoera hau. Hori da guk ezezkoa ematearen arrazoi nagusia", argudiatu du Arregik.