Olaizola eta Gaztañaga, Urrezko Antzara eskuetan dutela. (Argazkia: Erika Olaizola)
Urrezko eta zilarrezko antzara banarekin itzuli dira etxera eskualdeko bi ekoizle, 40. Lekeitioko Euskal Zine Bileratik. Joan den larunbatean egin zuten sari banaketa euskal zinemaren erreferentea den jaialdian, eta
amateur mailako film labur onenaren saria lortu zuen Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) aktore azpeitiarraren eta Amancay Gaztañaga (Guayaquil, Ekuador, 1980) zuzendari zestoarraren
Z U L O lanak. Urrezko Antzaraz gain, 1.300 euroko saria eskuratu zuten bi artistek.
Bestea, zilarrezkoa,
Bertol Arrietak jaso zuen, Zorrak zor dokumentalagatik. Gidoiaren sari profesionala eman diote egile zarauztarrari, eta oroigarriaz gain, 1.600 euro eman zizkioten. Azpeitiko Erabaki Produkzioak ekoiztetxeak egindako
Kronos lana ere amateur mailan lehiatu zen Lekeitioko Zine Bileraren aurtengo edizioan, baina ez zuen saririk jaso.
Buruhandi baten eta gizaki baten arteko maitasun istorioa kontatzen duen 14 minutuko film laburra da
Z U L O. Olaizolaren esanetan, lagun arteko "ideia zoro" batetik abiatutako proiektua da, "maitasun askorekin" egina. "Amancay Gaztañaga eta biok Donostiako Aste Nagusian kafe bat hartzen ari ginela otu zitzaigun ideia. Erraldoien eta buruhandien tartean topatu ginen bat-batean, eta hori izan zen gure inspirazio iturria". Orain, Euskal Herriko nahiz Espainiako ahalik eta ikus-entzunezkoen jaialdi gehienetara zabaldu nahi dute beren lana. Eta lehendabizikoak eman du bere emaitza: "Guk ez genituen besteen lanak ikusita, eta norekin lehiatzen ari ginen jakin gabe joan ginen Lekeitiora". Beraien izena entzutean, "sekulako poza" hartu zutela dio. "Egia esan ez dakit aitorpen honek zer-nolako eragina izango duen, baina halako saria jasotzea bultzada ederra da aurrera begira beste proiekturen bati ekiteko. Gainera,
Z U L O bukatzean ikusi genuen guretzat izugarri ederra izan dela elkarrekin lan egitea. Eta, noski, ekonomikoki ere badugu ja laguntzatxoa". Lekeitiokoaz gain, Film laburren eta Zine Dokumentalen Nazioarteko Zinebi Jaialdian ere izango direla esan du. Lehiaketatik kanpo geratu arren,
Info Euskadi sailaren barruan eskainiko dute lana. "Zinebi indar handiko jaialdia da, eta beren programazioan sartu izana opari ederra da. Hasiberriak gara ikus-entzunezkoetan, eta ikasten ari gara gauzak nola diren, eta horren arabera ari gara piezak mugitzen".
Gidoiaren saria, Zarautzera
Badira hiru urte, Modesto eta Bertol Arrieta aita-semeek
Hamalau heriotzena sorta ezagunaren jatorrizko bertsopaperaren kopia bat aurkitu zutela Euskaltzaindiaren liburutegian. Arrieta semearen esanetan, bertsoak anonimoak dira, eta morroi batek baserri batean egindako krimena kontatzen da horietan. Bertso sorta horien jatorria eta edukia aztertzeko helburuarekin hasi zuten ikerketa lana aita-seme zarauztarrek, informazio osagarria izan dezaketen hamaika lagun elkarrizketatuta.
Ikerketa lana ardatz, arrietatarrek asteazken arratsaldero solasaldi sakonak izan dituzte, eta senak aginduta, guztiak kamera txiki baten erretinan grabatu ditu Bertol semeak. Hamaika gairen inguruan "luze" aritu dira aita-semeak, harik eta asteazken arratsalde horietako batean, aitak kontatutako familiaren zor bati buruzko "istorio berezi" batek semearen arreta deitu zuen arte. "Gerrako drama txiki baina garratz bat da. Aitak esan zidan bere aitonaren lau anaia gudarik errepublikarrekin egin zutela borroka Espainiako Gerran. Denbora batera, herrian zabaldu zen lau anaiak hil zituztela, baina familiak jakin ahal izan zuenez, Gasteizko zezen plazan zituzten preso. Egun batean, nire birraitona bere lau anaiak bisitatzera joan zen pastelak hartuta Gasteizera, baina gozoki haiek ez zituzten jan jan behar zituztenek". Bertolek dio "pastelak erresistentzia sinbolo" bihurtu direla belaunaldiz belaunaldi, beren familian.
Aitarekin izandako elkarrizketa saioetatik abiatutako lana oinarri, 19 minutuko iraupena duen
Zorrak zor dokumentala ekoiztu du Bertolek. Gidoiaren sari profesionala eman diote Lekeitioko 40. Euskal Zine Bileran. Film laburra berak sortu badu ere, gidoia aitaren kontakizunari "zor" diola, eta, beraz, "sariaren zati handi bat aitarena" dela esan du. Arrietak gaineratu du halako saria eta aitorpena jasotzea "bultzada handia" direla lanean segitzeko.