Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldi ona egiten badu, Lizenziadonekoa plazatxoan egingo dute dastaketa; euria eginez gero, berriz, kiroldegiko aterpean. 12:30etik 14:30era hainbat motatako ardoak dastatu ahal izango dira, hala nola Araba, Errioxa, Dueroko Erribera eta Rueda jatorri izenekoak
Aurreko edizioetako arrakastari jarraituz, Laiak dendak laugarren Ardo Dastaketa Eguna antolatu du biharko. Eguerdi partean, 12:30etik 14:30era bitartean, hainbat upategitako ardoak dastatu ahal izango dira, eta hainbat mokadu probatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Eguraldiari begira dira antolatzaileak: eguraldi ona egiten badu Lizenziadonekoa plazatxoan egingo dute dastaketa, eta, euria eginez gero, kiroldegiko aterpean.
Hainbat motatako ardoak dastatu ahal izango dira, hala nola Araba, Errioxa, Dueroko Erribera eta Rueda jatorri izenekoak. Zuriak, gorriak, beltzak, urtekoak nahiz onduak izango dira aukeran; guztira, sei upategitako hamabost bat ardo probatzeko aukera izango dute herritarrek. Gainera, txakolin berezi bat ere probatu ahal izango da bertan. Honako upategi hauetako ardoak izango dira aurtengo Ardo Egunean: Trus SL, Quinta Esencia, Monteabellon SL, El Otero, J. Guzman Aldazabal eta Hermanos Fernandez.
Iazko gisan, aurten ere bost euro ordaindu beharko dituzte herritarrek kopa eta lau txartel. Txartel horietako batekin ardo ondu bat, bi bestelako ardo eta pintxo bat dastatu ahal izango dituzte. Bestela, ardo onduaren txartel bakoitza 1,5 euro ordaindu beharko da, eta, gainerakoak, euro bat.
Pintxoak nahiz musika
Ardoari laguntzeko hainbat pintxo ere jarriko dituzte aukeran. Besteak beste, Marduren, Maisorren, Basatxerriren eta Lopene harategiaren produktuak dastatu ahal izango dira.
Bestalde, Eibarko Ustekabe fanfarrea arduratuko da Ardo Eguneko giroa alaitzeaz. Kaleji-ra egingo dute aurrena, eta, ondoren, emanaldia eskainiko dute dastaketa egiten duten tokian.