Goian, Aizarnan indusketa egin duten kideak. (Danbolin.eus)
Ikerketak ez dira egun batetik bestera egiten. Are gutxiago mendeetan atzera egin eta iturri zaharretara jotzen bada, lanarekin aurrera egiteko. Historia luzea du Aizarnak, eta historia horren arrastoak aurkitu nahian ari da ikerlari talde bat auzoan. Hain zuzen ere, landa eremuko paisaiaren antolakuntza nola aldatu den ikertzen ari dira, eta ikerketaren hariei tiraka, indusketa bat egin dute: "Emaitza onak" eman dituen indusketa.
Josu Narbarte (Irun, 1992)
Nekazal esparruak Gipuzkoan tesia egiten ari da azken urte eta erdian, eta ikerketaren zati bat gauzatzera Aizarnara jo zuen duela urtebete pasatxo. "Ondo kontserbatuta" dagoen herria delako eta Gipuzkoako herrien artean "nahikoa kasu eredugarria" izan daitekeelako aukeratu zuen Zestoako auzoa. "Erdi Aroan garrantzia handia izan zuen Aizarnak, eskualdean indarra zuen. Inguruko herri guztiek urbanizazio eta industrializazio aldaketa handiak jasan dituzte, eta Aizarnak ez". Haren arabera, gaur egun auzoak duen landa izaerari esker, aukera ematen du garai bateko nekazal herria Erdi Arotik hona nola aldatu den ikusteko. "Are gehiago, aukera ematen du beste toki askotan aldatu diren zenbait faktore ikertzeko".
Narbartek azaldu duenez, normalean, dagoeneko hutsik dauden herrietan egiten dituzte halako ikerketak, baina horietan jardun ezin zutenez, Aizarna aukeratu zuten lana gauzatzeko. "Gaur egun jendea bizi den herrietan ez dira horrelako lan asko egin. Egin izan dira herri handietan edo hirietan –Zarautzen edo Irunen, kasu–, baina gauza puntualak izaten dira halakoak". Narbartek-eta Aizarna osoa hartu dute ikerketarako esparru: "Nahikoa esperimentala izan da prozesua, eta emaitza oso onak ari gara izaten. Aizarnan egin dira ikerketak, aurkitu dira arrasto zaharrak —Amalda kobazuloa, adibidez—, baina sekula ez da egin lanik herri osoa kontuan hartuta".
Ustekabeko aurkikuntza
Ikerketa desberdinak egin ditu Narbartek Aizarnaren historia aztertzeko, eta hainbat iturritara jo du "Aizarnaren historiaren argazkia" egiteko. Hainbat lan egin dute herriaren azken 2.000 urteetako historia markatu duten prozesuak identifikatu ahal izateko. Hain zuzen ere, iaz lur lagin batzuk hartu zituzten baserri inguruetan, eta horietako batean arkitektura egitura baten arrastoa aurkitu zuten. "Plazatik oso gertu dago, elizaren atzealdean, eta buztin gorri pila bat eta ikatza aurkitu genituen bertan. Horrek esan nahi du egitura erreta dagoela, eta ikatza ikertuta jakin ahal izan dugu duela 2.000 urte inguru, Burdin Aroaren bukaeran, erretako egur zati bat zela topatutakoa".
Zundaketa hura egin zuten tokian jardun dute azken egunetan lanean; izan ere, gune horretan hiru metro luze eta zabaleko indusketa txiki bat egin dute, egituraren forma, neurria eta abar ikusteko. Lan horiek ere eman dute emaitza, ordea: "Erromatar garaiko keramika zati parea, burdin lanketari lotutako zati batzuk, burdin zatiak, eskoria... agertu zaizkigu". Horrez gain, aurkitu zuten egiturari lotuta, haritz-egurrez egindako zutabe batzuk ere bilatu dituztela esan du Narbartek. "Oso-osorik aurkitu ditugu egur zati horiek, eta ez da ohikoa hain egitura zaharrak aurkitzea".
Behean indusketan parte hartzen ari diren kideak lanean. (Josu Narbarte)
Aizarnan lanean hasi zirenean, halako aurkikuntzarik egiterik ez zutela espero azaldu du ikerlariak. "Gure xedea zen Aizarnaren Erdi Arotik honako historia jasotzea eta Gipuzkoako landa munduaren historia argitu ahal izatea". Aurkitu zuten egiturak, baina, guztiz aldatu du aurreikuspena. "1.500 urte atzerago joanarazi gaitu aurkikuntzak. Harrigarria da gure herrietan okupazio historia oso luzeak daudela ikustea. Gure herriek oso historia luzea dute, baina, askotan, ez gara jabetzen".
Herritarrei "eskerrak"
Azken fasean, indusketa lanak egiten, bost bat lagun aritu dira: EHUko ikerketa taldeko hiru kide eta bi ikasle. Dena den, indusketa aste honetan bukatzea aurreikusten du Narbartek, eta amaitzean indusketa estali egingo dute. "Lortu ditugun emaitzak aztertuta ikusiko dugu komeni den datorren urtean puntu desberdinetan esku-hartze jakinak egiten jarraitzea, indusketa hau zabaltzea edo zer". Narbarteren asmoa da Aizarnako kasua hartuta Gipuzkoako landa eremuaren bilakaera historikoa aztertzen jarraitzea. "Epe luzeko aldaketak interesatzen zaizkigu", esan du.
Narbarte "oso-oso gustura" agertu da Aizarnan herritarrek egin dieten harrerarekin. "Jendeak egiten ari ginen lanarekiko interesa agertu digu, herritarrek lagundu egin digute, bisitara etorri dira, hainbat istorio kontatu digute... Guretzat oso garrantzitsua da jendeak bere jakintza gurekin partekatzea".