Lekuz aldatu dute Zestoako Gaztelekua

Zestoako Hitza 2017ko urriaren 9a

Lehen anbulatorioa izan zen tokian, Euskal Herria plazan, egokitu dute haurrentzat eta gaztetxoentzat gunea. Espazio arazoei aurre egiteko egin dute toki aldaketa. Datorren astean sormen tailerra izango da bertan.

Zestoako Gazteleku berria. (Zestoako Udala) Joan zen ostegunean zabaldu zuten Gazteleku berria Zestoan. Euskal Herria plazako 1. zenbakian, lehen anbulatorioa zegoen tokian, ireki dute gune berria, ikasturte berriari ekiteko. Udan egin dituzte lekualdatze lanak, espazio handiagoa behar zutelako. Aurrerantzean, bertan eskainiko dituzte haurrei nahiz gaztetxoei zuzendutako jarduerak. Hilaren 18an, esaterako, plastilinarekin eta gusanitoekin sormen tailerra eskainiko dute bertan. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako tailerra bi txandatan egingo dute: lehen saioa 17:00etatik 18:00etara izango da; eta, bigarrena, 18:00etatik 19:00etara. Tailerrean parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena Gaztelekura bertaratuta, 688-68 40 29 telefonora deituta eta gazteria@zestoa.eus helbidera mezua idatzita. Honako lotura honetan ikus daiteke Zestoako Gaztelekuako agenda osoa.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide