Azkoitira, Azpeitira eta Zestoara iritsiko da aurten Adin-Adin

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 6a

San Jose, San Martin eta San Juan egoitzetan egingo dituzte bertsoen bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzeko egitasmoaren saioak.

Lizaso eta Loidisaletxe, 2015ean Azpeitiko egoitzan eskaini zuten saioan. (Uztarria) Laugarren urtez jarraian, Adin-Adin egitasmoa martxan jarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanku bertso zerbitzuak. Bertsoen bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea da egitasmoaren helburu nagusia, eta horretarako hainbat bertso saio egingo dituzte aurten ere Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Guztira, hamalau herritako egoitzetan egingo dituzte saioak, azaro amaiera arte. Adin-Adinen laugarren edizioa gaur hasiko da Lazkaon, eta datozen asteetan Urola Kostako lau herritara ere iritsiko da: Azkoitira, Azpeitira eta, lehen aldiz, Zestoara ere bai. Hiruetan, eskualdeko bertsolariek parte hartuko dute. Azkoitiko San Jose egoitzan urriaren 19an izango dute bertso saioa, 16:30ean, Eneritz Artetxerekin eta Xebastian Lizasorekin; Azpeitiko San Martin egoitzan, berriz, azaroaren 10ean, 17:00etan, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxerekin eta Beñat Lizasorekin; eta Zestoako San Juan egoitzan, azkenik, azaroaren 24an arituko dira kantuan Eneritz Artetxe eta Xebastian Lizaso, 11:00etan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide