Zestoako Bainuetxe aurreko geltokiko obrak amaituta daude, baina oraindik ez dute martxan jarri. (Ihintza Elustondo)
Zestoako Bainuetxe aurreko geltoki berria martxan jartzea uste baino gehiago luzatzen ari da. Obrak amaituta daude, eta
irailaren erdirako zerbitzua martxan jartzea espero zuen udalak; dena den, oraindik ez da halakorik gertatu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun departamentuak dagoeneko ikuskaritza egin duela jakinarazi du Josetxo Mendizabal alkateak, eta, haren arabera, depatarmentuak positiboki baloratu du geltoki berria. Orain, azken oniritzia emateko, Bide Azpiegituretako departamenduak eta Mugikortasunekoak bilera bat egin behar dute, baina udalak salatu du oraindik ez dutela bilera horren datarik zehaztu.
Udalak adierazi du harremanetan jarri dela bi departamenduekin, baina ez dutela inolako erantzunik jaso. "Geraleku berria martxan jar dadin erreklamatzen jarraituko dugu". Era berean, adierazi du "kezka handia" duela bainuetxeko erabiltzaileen segurtasunaren inguruan, eta, horrez gain, egungo geralekuak markesinarik ez edukitzea herritarrentzat "deserosoa" dela azpimarratu du.