(Argazkia: Danbolin)
Urriaren 1ean Katalunian egitekoak diren erreferendumari babesa adierazi zioten atzo arratsaldean hainbat zestoarrek. EH Bilduk deituta egin zuten elkarretaratzea,
Erreferenduma = Demokrazia lelopean. Turista moduan Zestoara etorritako kataluniarrek ere parte hartu zuten elkarretaratzean, eta amaieran beren esker ona adierazi zieten parte hartu zutenei.
Azkoitian, Azpeitian, Zumaian eta Zarautzen joan den asteazkenean egin zituzten elkarretaratzeak;
Orion eta Getarian, berriz, joan den ostegunean.
Giza katea eta autobusa Bartzelonara
Bestalde, Kataluniari babesa erakusteko
giza katea egingo dute Zestoan urriaren 1ean. Horrez gain, Bartzelonara joateko autobusa antolatu dute Arroabean. Urriaren 1ean Arroatik 00:00etan irten eta 17:00etan Bartzelonatik itzulera egingo dute. Joan etorriak 35 euroko kostua izango du. 50 pertsona elkartzea ezinbestekoa da autobusa antolatu ahal izateko.
Gaur gauera arte arroarrek bakarrik izango dute apuntatzeko aukera; hortik aurrera, inguruko herrietakoek ere izena eman ahalko dute. Izena emandako ordena errespetatuko dute, eta epea astelehen gauean amaituko da. Izena emateko, Whatsapp zenbaki hauetakoren batera bidali behar dira datuak: 634570337 / 665751006.