Loiolako turismo bulegoan iazko antzeko datuak izan dituzte uda sasoian

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 21a

Uztailean joan den urtean baino jende gehiago artatu zuten, baina abuztuan gutxiago. Guztira, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra 8.461 bisitari zenbatu dituzte. "Uda sasoian atzerritarrak, taldean nahiz norbanaka, irabazi eta egun pasako txangozaleak, euskaldunak, galdu ditugu; batak bestea konpentsatu du. Espainiar estatuko jatorria duena, aldiz, mantendu egin da", nabarmendu dute Iraurgi Berritzeneko arduradunek.

Bisitariak Loiolako basilikaren atarian. Loiolako Urola Erdiko Turismo Bulegoan uda sasoian izandako mugimenduen datuak zabaldu ditu Iraurgi Berritzen garapen agentziak. Kopuruei begiratuta, 2016ko aldi berekoen oso antzekoak dira aurtengoak, zertxo bait apalagoak. Joan den uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, guztira 8.461 bisitari artatu dituzte Loiolako bulegoan; iaz, 8.769 izan ziren. "2016a errekor urtea izan zela kontuan hartuta, ez da txarra" aurtengo emaitza, bulegoaz arduratzen direnen esanetan "Uztaileko igoera nabarmena abuztuko jaitsierak irentsi" duela dio Iraurgi Berritzenek; aurtengo uztailean iazkoan baino handiagoa izan da bisitari kopurua (4.071 aurten, 2.863 aurten), baina abuztuan alderantziz gertatu da (4.390 aurten, 5.906 iaz). Taldean etorritako turisten gorakada ere aipatu dute. "Datuak biltzen ditugunetik lehenbiziko aldiz, uda sasoian taldean etorri den turista kopuruak norbanaka etorri denarena gainditu du"; Asiatik, Frantziatik eta Andaluziatik etorritako taldeak nabarmendu dituzte. Abuztuan, aldiz, euskal herritarren beherakada sumatu dute, egun pasa hurbiltzen direnena, hain zuzen ere. "Uda sasoian atzerritarrak, taldean nahiz norbanaka, irabazi eta egun pasako txangozaleak, euskaldunak, galdu ditugu; batak bestea konpentsatu du. Espainiar estatuko jatorria duena, aldiz, mantendu egin da". Taldean eta antolatutako bidaietan etorritakoen gorakada aipagarria izan arren, Loiola eta inguruak beren kabuz bisitatzera etortzen direnak dira nagusi uda sasoian Loiolako turismo bulegoan. Kotxean etortzen dira gehienak, eta hemengo bazterrak ezagutzeko informazioa eskatzen dute: Urolako mapa berria, Azpeitiko eta Azkoitiko planoak, Bost Geltoki Historian eskaintzarekin edota Izarraitzekin lotutakoak, besteak beste. Taldean dabiltzanek, berriz, Loiolako Santutegiko eskuorriak eta Gipuzkoako liburuxkak eramaten dituzte, "oroigarri gisa gehiago, momentuan erabiltzeko baino". Urte osoko jarduera Udako bi hilabete nagusien kopuruak iazkoen azpitik gelditu arren, urtea hasi zenetik hona turismoak gora egin du Urola Erdian, Iraurgi Berritzenen datuen arabera: "Urteko datu bateratuei dagokionez, abuztuaren 31 bitartean 22.209 turista artatu dira bulegoan, 2016an baino %22 gehiago. Urteko jarduera eta bilakaera turistikoa gorantz doala erakusten digu horrek, nahiz eta urtea bukatutakoan egingo den urte osoko jardueraren analisi sakon bat". Iraurgi Berritzenek azpimarratu nahi izan du Urola Erdiko eskaintza turistikoa "zorionez" ez dagoela "eguraldi onari eta sasoi konkretu bati" lotuta. "Turismo jasangarriaren irizpideetan oinarritutako urteko sasoi ia guztietan gozatu daiteken eskaintzaren jabe gara, eta horretan jarraituko dugu lanean; urte osoan jarduera turistikoa izateko gurean, eta eskualdearen garapen ekonomikoan eta sozialean parte izateko", gaineratu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide