Zestoako Gure Esku Dagok antolatu du giza katea, besteak beste, Katalunian jazotako azken gertakariak salatzeko. Plazan jarri dute hitzordua, 13:00etan. GEDk dei egin die herritarrei aurrerantzean izango diren deialdietan arreta jar dezaten.
Zestoako Gure Esku Dagok giza katea antolatuĀ du urriaren 1erako,Kantalunian independentziaz egingo duten erreferendumari babesa erakustea helburu. "Espainiako Guardia Zibila Katalunian egiten ari den operazioen larritasuna ikusirik, eta urriaren 1eko erreferenduma galarazteko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den neurri antidemokratikoei erantzuteko" antolatu du ekintza Zestoako GEDk. Plazatik hasiko da giza katea, 13:00etan.
GEDk esan du "oso kezkatuta" dagoela "Espainia Katalunian izaten ari den esku-hartzearekin", eta "irmoki" salatu dituzte azken gertakariak: "Generalitateko hamalau kargudunen atxiloketak, miaketak eta etengabeko jazarpen polizial eta judizialak". Zestoako GEDek salatu duenez, "de facto, salbuespen egoera ezartzen ari dira Katalunian, eskubide zibil eta politikoak masiboki urratuz". Horregatik, gertatzen ari dena "asaldagarria eta onartezina" dela salatu dute.
Horrez gain, urriaren 1eko erreferenduma "Kataluniako herritarren gehiengoaren nahiari erantzuteko tresna demokratikoa dela" berretsi du Zestoako GEDk, eta horregatik "posible izan behar" duela. "Demokraziaren eta herritarron eskubide zibilen alde katalanak erakusten ari diren ausardia goraipatzen dugu. Gure babesa eta laguntza izango dute, orain artean bezala, urriaren 1a bitartean, eta baita urriaren 1etik aurrera ere", esan du erabakitzeko eskubidaren aldeko taldeak.
"Egoeraren larritasuna ikusita", Euskal Herritik erantzuten jarraitzea "beharrezkoa" dela uste du Zestoako Gure Esku Dagok, eta herritarreiĀ dei egin die aurrerantzeko deialdietan arreta jar dezaten.