Asteburuan jokatuko dituzte Akoako Bira eta Azkoitiko Mangaixue

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 15a

Mangaixue mendi bizikleta martxa bihar jokatuko dute, 15:15ean Plaza Berritik abiatuta .Akoako Bira igandean izango da; 10:30ean hasiko da. Bi probetan izena eman daiteke oraindik.

Akoako Biraren ostean, asto lasterketa egiten dute. (Ihintza Elustondo) Kirolaz gozatzeko aukerarik izango da asteburuan eskualdean. Bihar, Mangaixue mendi bizikleta martxa egingo dute Azkoitian; igandean, berriz, Akoako Bira jokatuko dute Zestoako Akoa auzoan. Bi probetan izena emateko aukera dago oraindik. Bigarren urtez jokatuko dute Mangaixue mendi bizikleta martxa aurten, 15:15ean Plaza Berritik irtenda. Izatez, dagoeneko itxita dago izen ematea, eta aurrez 146 lagunek eman dute izena Kirolprobak atarian; joan zen urtean baino ia 50 gutxiagok, hain zuzen ere. Dena den, gehienez 300 korrikalarik parte har zezaketen martxan, beraz, egunean bertan ere izena emateko aukera izango da. Parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran; ibilbide luzea 33 kilometrotakoa izango da, eta laburrak 23 kilometro izango ditu. Zestoako Akoan, berriz, auzoko festen barruan egingo dute Akoako Bira, hamabigarren urtez jarraian. Lehenik, Idiakaitz Txistulari Taldea baserriz baserri ibiliko da, eta horren ostean hasiko da lasterketa, 10:30ean. Santutxutik hasita, korrikalariek 7,8 kilometrotako ibilbidea egingo dute mendian eta asfalto gainean. Bertan parte hartzeko izen ematea zabalik dago joan zen hiletik, eta bi modutara egin daiteke: www.herrikrossa.eus atarian edo Zestoako kiroldegian. Bost euro ordaindu behar da izena emateko orduan, baina, egunean bertan, dortsala hartzerakoan, itzuli egingo dute ordaindutakoa. Atzo, dagoeneko, 90 lagun baino gehiago zeuden webgunean izena emanda. Sariak aurreneko bostei Lehen bost postuetan helmugaratzen direnei banatuko dizkiete sariak, eta korrikalari guztien artean bertako hainbat produktu zozkatuko dituzte. Era berean, parte hartzaileek elastiko bana jasoko dute. 18 urtetik gorako gizon-emakumeek har dezakete parte Akoako Biran, eta, ondoren, umeen txanda izango da. 6 eta 12 urte bitarteko haurrek Akoa Txikia lasterketa egingo dute, eta asto lasterketaren ibilbideari itzuli bat eman beharko diote horiek. Guztira, 300 metro egingo dituzte korrika. Korrikalarien probak amaituta, auzotarren asto lasterketa egingo dute. Bertaratzen diren guztientzat, berriz, hamaiketakoa prestatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide