Miren Kortadi eta Jesus Irureta omendu dituzte, Zestoako gizon-emakume edadetuenak

Ainitze Agirrezabala 2017ko ira. 3a, 15:44

Amabirjin jaiak datorren ostegunetik larunbatera ospatuko dituzte bete betean zestoarrek, baina aurretik, motorrak berotze aldera, ekitaldiz betetako asteburua ari dira izaten. Atzo, esaterako, Gazte Eguna ospatu zuten, eta, besteak beste, gazteen esku pilota txapelketako finalak, arraza libreko ardi txakur lehiaketa eta Ondarbasora igoera jokatu zituzten. Gaur, berriz, Edadetuen Eguna ari dira ospatzen zestoarrak, eta hainbatek ajea lagun izan badute ere, Idiakaitz txistulari taldearen dianak girotu du goiza Zestoan, eta, eguerdian, meza nagusia izan da, parrokiko abesbatzarekin. Musikak ez du etenik izan eguerdi partean, izan ere, Zestoako parrokiako organo zaharberrituarekin kontzertua eskaini dute Jose Luis Franzesena Schubert-ek eta Arantxa Sagarzazuk, meza aurretik eta ondoren. Zestoako parrokiako organoa Puignauk eta Olaziregik egin zuten Azpeitian, 1928an. Aurten, berritze sakona eman diote Azpeitiko Azpiazu organo lantegian. Kontzertuaren ostean, berriz, urteroko ohiturari jarraituz, herriko gizon eta emakume edadetuenak omendu dituzte: Miren Kortadi Kerejeta eta Jesus Irureta Gurrutxaga. Kortadik 96 urte ditu, eta Iruretak, berriz, 93. Bi zestoarrek ezin izan dute omenaldian presente egon, baina Laranjadi plazara bertaratu direnek txaloka gogoratu dituzte. Bestalde, 2014tik indarrean den usadioa betez, aurten 88 edo 89 urte bete edo beteko dituzten 23 zestoar ere omendu dituzte; zortzi gizon eta 15 emakume, hain zuzen ere: Jose Maria Aizpurua Manzisidor, Jesusa Aldalur Aranguren, Nazaria Arakistain Egiguren, Maria Arregi Aldanondo, Maria Antonia Arriola Zubizarreta, Teresa Arzallus Alberdi, Juan Azkue Irastorza, Julian Galdona Astigarraga, Kontxita Garazizabal Pagola, Primitiba Garate Urbieta, Elena Huegun Arrizabalaga, Karmen Irureta Irureta, Julian Larrañaga Alberdi, Migel Larrañaga Salegi, Faustino Ostolaza Elustondo, Klara Sagarna Olaskoaga, Jesusa Salaberria Korta, Asuncion Solabarrieta Oliden, Luis Ulazia Uranga, Luisa Uranga Ibarguren, Martina Urbieta Illarramendi, Jose Maria Uzkudun Beristain eta Miren Itziar Zufiria Kortadi. Gizonei txapela eman diete eta emakumeei, aldiz, zapia. Omenaldira etortzerik izan ez dutenei, berriz, etxera eramango dizkiete. Omenaldiarekin bukatzeko, Zestoako Itxaropena dantza taldekoek aurreskua eta hainbat dantza egin dituzte, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Gaur arratsaldean ere izango da zer gozatua Zestoan, izan ere, Zestoako VII. Trikitilari Gazteen Txapelketa jokatuko da Laranjadi plazan, 18:00etatik aurrera. Hona hemen edadetuen omenaldian hartutako irudiak: [flickr_set id="72157685570931531"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide