Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gazte Eguna dute gaur Zestoan. Gazteen VIII. Esku Pilota Txapelketako finalak jokatu dituzte goizean. Pello Segurolaren 'Argi' txakurrak irabazi du Ardi Txakur Lehiaketa.
Gazte Eguna dute gaur Zestoan, eta giro polita izan da herrian goiz partean. 11:00etan Gazteen VIII. Esku Pilota Txapelketako finalak jokatu dituzte, eta jende dezente bertaratu da. Guztira, hiru partida jokatu dituzte: haurren mailan, Ekain Azkue gailendu zaio Eñaut Alberdiri (16 eta 7); kimuen mailan, Ioritz Agirrek eta Auritz Arrizabalagak irabazi diete Mattin Eizagirreri eta Lier Ruizi (18 eta 11); eta koxkortuen mailan, Aimar Egigurenek eta Aratz Buldainek hartu diete aurre Ibai Olaizolari eta Oier Alonsori (18 eta 10). Partidak amaitzean, sari banaketa egin dute.
Eguerdi partean, Zestoako IV. Ardi Txakur Lehiaketa jokatu dute, arraza librean. Sei parte hartzaile aritu dira lehian, eta epaimahaiak hala erabakita, Pello Segurola Matxinbentarraren Argi txakurra izan da irabazlea, 260 punturekin. Haren ostean, Jose Antonio Arrillagaren Txiki txakurra eta Mikel Garaiarren Luki sailkatu dira, 256na punturekin berdinduta. Dena den, egin beharreko lanak denbora gutxiagoan amaitu ditu Txikik, eta hura saillkatu da bigarren postuan –4 minutu eta 43 segundo behar izan ditu Txikik, eta 7 minutu eta 15 segundo Argik–. Laugarren postuan, Juan Ramon Azkagortaren Lucky sailkatu da; bosgarrenean, Jose Luis Saizarren Kis; eta, azken postuan, Bittor Bengoetxearen Truke.
13:00etan, hainbat lagun elkartu dira herriko plazan, erasorik gabeko jaien aldeko aldarria egiteko, Eraso sexistarik ez lelopean.
Arratsaldean ere jarraituko du festak; hona hemen egitaraua:
14:30. Txotx herrikoia eta mokadutxoa udaletxeko arkupetan. Ustekabe txaranga egunean zehar.
18:00. XXXII. Ondarbasora Igoera.
20:00. Ondarbasoko igoeraren sari banaketa, Laranjadin.
23:00. Cycle taldea, Laranjadi plazan. Ondoren, D(j)avila.
Hona hemen gaur goizean hartutako irudiak:
[flickr_set id="72157686088055053"]