Errespetuan oinarritutako festen alde, elkarretaratzea egingo dute larunbatean Zestoan

Zestoako Hitza 2017ko abuztuaren 31

Zestoako Txoko Feministak deitu du kontzentrazioa, eta EH Bilduk bat egin du deialdiarekin. 13:00etan hasiko da, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.

Ate joka dira Zestoako Amabirjin festak, eta Zestoako Txoko Feministak elkarretaratzea deitu du larunbaterako, irailak 2, "azken hilabeteetan inguruko herrietan gertatu diren erasoak ikusita". Hain zuzen ere, festak "ondo pasatzeko" direla gogorarazi du Txoko feministak, eta ez beti dela ezetz. "Ez dugu onartuko pertsonak deseroso sentiaraz ditzakeen inongo jarrerarik, emakumeenganako jarrera erasotzailerik, babosorik… Ez, ezetz da!". Zestoako EH Bilduk ere bat egin du deialdiarekin, eta elkar errespetatuz festak ondo pasatzera animatu ditu herritarrak. "Badakigu jende asko elkartuko garen momentuak izango direla jaiak, eta horrek momentu deseroso eta arriskutsuak ekar ditzake, baina guk ez dugu horrelakorik onartuko. Jarrera horien aurrean herritarrak ausart jokatzera animatu nahi ditugu, erasoa salatuz eta erasotuari babesa eskainiz, jarrera pasiboek bide ematen baitie eraso sexistei". 13:00etan hasiko da elkarretaratzea, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte Txoko Feministak nahiz EH Bilduk.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide