Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Amabirjin jaietako Umeen Eguna irailaren 10ean egingo dute. Haurren bazkarirako txartelak irailaren 1ean, 2an eta 3an eskuratu ahal izango dira udaletxe azpian.
Gerturatzen ari dira Zestoako Amabirjin jaiak, eta hasi dira antolatzaileak egitarauaren zertzeladak jakinarazten. Hain zuzen ere, aurten, festetako Umeen Eguna irailaren 10ean, igandez, ospatuko dute. Umeek bazkaria izango dute egun horretan Laranjadi plazan edo kiroldegiaren aterpean, eguraldiaren arabera. 14:00etan hasiko da otordua, eta datorren astean jarriko dituzte sarrerak salgai.
Bazkarira joan nahi dutenek bi txartel eskuratu ahalko dituzte. Antolatzaileek prestatutako menua jan nahi duenak txartela ordaindu beharko du; HHko haurrek 5 euro, LHko ikasleek 9 euro eta DBHko nerabeek eta helduek 11 euro. Honako hau izango da antolatzaileek prestatu duten menua: makarroiak, albondigak eta ijito besoa. Aldiz, nahi duenak etxetik eraman dezake janaria, eta horiek doako txartela eskuratu beharko dute, lekua erreserbatzeko.
Bazkarirako txartelak udaletxe azpian eskuratu ahal izango dira irailaren 1ean, 2an eta 3an. Irailaren 1ean, ostirala, 19:00etatik 21:00etara lortu ahal izango dira txartelak; irailaren 2an, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara; eta irailaren 3an, 12:00etatik 14:00etara.