Bidasoa Inprimatzeko Zentroko langileak, enpresaren atarian egin duten protestan. (Ihintza Elustondo)
Zestoako Bidasoa Inprimatzeko Zentroko langileek ordubeteko lanuztea egin dute gaur, 14:00etatik 15:00etara, enpresako lan baldintzak salatzeko. Hamalau lagun bildu dira protestan,
Langileei errespetua lelopean. Guztira, 21 langile inguru ditu enpresak.
Unai Armendia langileen ordezkariak azaldu duenez, langileek otsailean aurkeztu zioten zuzendaritzari hitzarmen berri baterako proposamena, eta erantzunik ez dute jaso: "2013an onartutako hitzarmena dago egun indarrean, eta ordutik soldatak izoztuta ditugu eta orduan onartutako baldintzetan ari gara lanean. Baldintza horiek hobetzea nahi dugu; finean, hitzarmen berri bat onartzea". Haren arabera, hori da protesta egiteko arrazoietako bat.
Horrez gain, beste arrazoi bat ere aipatu du Armendiak: "Enpresan dagoen antolaketa falta". Haren esanetan, lehen produkzio arduradun bat zegoen enpresan, baina alde egin zuen; gero beste pertsona bat etorri zen hutsune hori betetzera, baina hark ere alde egin zuen. "Hutsune hori hor dago oraindik, eta ez dago inor hori gestionatuko duenik. Guk salatzen duguna da gestio txarra dagoela enpresan, eta horrek sortzen dituen presioak langileok jasan behar ditugula. Horren kontra gaude".
Egunkariak inprimatzen dituzte lantegian, eta horrek egunerokotasunean "estresa" sortzen duela adierazi dute. Hori dela eta, beren kezkak plazaratzeko, administrazio kontseiluari bilera bat eskatu zioten langileek duela hilabete. "Ikusten dugu gerentearekin topo egiten dugula beti, eta administrazio kontseilua ere hor dago. Haiekin bilera egiteko data jartzea besterik ez dugu eskatzen, baina eskaera horren erantzunik ere ez dugu jaso. Uste dugu errespetu falta dela hori".
Gaur, ordubeteko lanuztea egin dute langileek, baina, azaldu dutenez, "gauzek bere horretan jarraitzen badute", irailetik aurrera "beste zerbait" egingo dute.