Zestoako Udalak jakinarazi ditu iraileko Amabirjin festetako txupinazoa botatzeko hautagaiak. Orain, herritarrek aukeratu beharko dute jaien hasierako txupina nork botako duen; horretarako, udalaren webgunean eman dezakete botoa zestoarrek, eta epea abuztuaren 11n bukatuko da.
Uztailaren 19an bukatu zen udalak
txupinazoa botatzeko proposamenak aurkezteko irekitako epea, eta hauek dira jaso eta orain aukeran jarri dituztenak:
- Trikiti elkarte berria.
- Iñaki Azkune Mendia historialaria.
- Ikurrinaren aldekoak.
- Aitor Salegi (Gazte Hitzak ipuin eta kontakizun lehiaketaren irabazlea).
- Interpretazio eskola, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan irabazitako sariagatik.
- Erralla bertso eskola.
- Auzolanean ibilitako herritarrak (Santa Engraziako ermita eta erlojua zaharberritzen; Lauiturrietako garbilekua berritzen; ibai eta bide bazterrak garbitzen... ibilitakoak).
- Julian Serrano organo-jotzailea.
- Itxaropena dantza taldea.
- Jon Alberdi lasterkaria.
Beste proposamen bat ere jaso zuen udalak, presoen defentsan aritzen diren herritarrena; baina ez dute zerrendan sartu, "helburu berdina zuen Herrira Plataformak 2012an bota zuelako txupinazoa".
Zestoa.eus webguneko orrialde honetan eman behar dute botoa txupinazoa zeinek bota aukeratu nahi duten herritarrek. Hamar proposamenetatik bosti eman beharko dizkiete puntuak, gustukoenetik hasita.